Gizartea -

Tenperaturen jaitsiera

Larunbatera arte luzatu dute izotzagatik jarritako abisu horia

Gaur Agurainen -7.9 gradu izan eta gero, Eusko Jaurlaritzako Meteorologia Zuzendaritzak ostiralerako ere deitu du abisu horia.

Argazkia: EiTB
Gasteiz izoztuta esnatu da

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzuak larunbatera arte luzatu du abisu horia, izotz arriskua dela eta. Ostiraleko lehen orduetan, -9 gradu ere neurtu dituzte.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak ez du aldaketa nabarmenik aurreikusi ostiral honetan, eta horregatik gauerditik bihar goizeko 10:00ak arte izotzaldirik errepikatzea espero du.

Meteorologia Zuzendaritzak jasotako datuen arabera, herri bat baino gehiago esnatu da zeropeko tenperaturekin Errege egunen. Agurainen atzoko tenperaturak (-7,9) gainditu dituzte (-9,1).

Abetxukon (Gasteiz) termometroak -7ra iritsi dira, eta Lasarten (Gipuzkoa) -2,6ra. Bizkaiko minimoak Arteagan -2,4 izan dira.

Larunbatean, eguraldiak ez dauka aldatzeko asmorik. Goizean goiz, behe-lainoak ohiko lautadak estaliko ditu, baina eguzki giroak jarraipena izango du eta arratsaldean goi-hodei fin batzuk sartuko diren arren, ez dute enbarazu handirik egingo.

Euskalmeten arabera, tenperatura minimoak izango dira Gasteizen (-7) eta Donostian (-2), eta Bilbon 0n geratuko dira termometroak. Maximoak 11 gradukoak izango dira Bizkaiko hiriburuan, 10 Gipuzkoakoan eta 8 Arabakoan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia albisteak Alerta meteorologikoak bideoak Eguraldia argazkiak Gasteiz berriak