Gizartea -
Desobedientzia ekintza Grezian
Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte, bermepean aske
Epaileak hamabi eguneko epea eman die 2.000 euroko bermea ordaindu eta libre gelditzeko.
EITB.EUS
Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte ekintzaileak bermepean aske geratu dira, Hibai Arbide kazetariak Twitter bidez jakinarazi duenez.
Asteazkenean atxilotu zituzten Grezian, zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzeko ahaleginean eta ostiralean deklaratu zuten epailearen aurrean, besteak beste, legez kanpoko immigrazioari mesede egitea egotzita.
Bi ekintzaileak aske uztea erabaki du epaileak, 2.000 euroko bermeak ezarrita. Hamabi eguneko epea dute ordainketa egiteko eta hala egin artean ezingo dute Greziatik atera.
Defentsako iturriek azaldu dutenez, bi auzipetuek ihes egiteko arriskurik ez dagoela iritzita hartu du epaileak bi ekintzaileak bermepean libre uzteko erabakia. Igumenitsako epaitegian egin duten deklarazioan argi utzi dute ihes egiteko inolako asmorik ez dutela, euren helburua auzi honen bidez errefuxiatuen krisiari oihartzuna ematea delako.
Atxilotuak izan zitezkeela jakinda, Zuluagak eta Huartek bideo bat grabatu zuten, ekimen hau Europak errefuxiatuei eta migratzaileei ezarritako politikak salatzeko "desobedientzia ekintza" bat zela azalduz.
Bideoan, bi ekintzaileek publikoki aitortzen dute jakin badakitela errefuxiatuak Euskal Herrira ekartzeko saiakera hori "legez kanpoko ekintza" bat eta, ondorioz, ekimen horren ondorioak bere egiten dituztela.
Ekintzaileen adierazpenak
Ingumenitsako epaitegiaren aurrean bilkura egin dute ekintzaile greziarrek eta herrialde horretan errefuxiatuei laguntzen ari diren hainbat boluntarioek, auzipetuei babesa helarazteko eta Europaren migrazio politikak salatzeko.
Auzitegitik ateratzean, Zuluagak esker ona adierazi die kanpoan elkarretaratzea egin duten lagun guztiei, baina esan du interes-gune izateari utzi nahi diotela, "garrantzitsuena errefuxiatuek bizi duten egoera delako".
Huartek, berriz, desobedientzia ekintza honekin euren helburua lortu dutela esan du eta berriro saiatuko direla iragarri du.
Biak pozik agertu dira ekintza honek izan duen oihartzunarekin eta erantsi dute horrelakorik egitea ez zela beharrezkoa izango Espainiako Gobernuak errefuxiatuei babesa emateko hartu zituen konpromisoak beteko balitu.
(Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte atxiloketa zentroan. Argazkia: Hibai Arbide)
Epaiketarako datarik ez
Zuluaga eta Huarteri bi delitu leporatzen dizkiete: batetik, legez kanpoko immigrazioari mesede egitea, eta bestetik, errefuxiatuak integratzeko zuhurtziagabetasun larria, espazio txiki batean ezkutatuta eramateagatik. Oraingoz ez dute datarik zehaztu epaiketa egiteko.
Zuluaga eta Huarte astearte gauean atxilotu zituzten Igumenitsako portuan, autokarabana batean zortzi errefuxiatu zeramatzatela eta Italiara joateko ferry bat hartzekotan zirela.
Errefuxiatu horietako batek deklaratu du gaur lekuko moduan. Bidaiari-lekuan aireztapena ona zela eta inolako arriskurik izan ez zutela kontatu dio epaileari.
Zortzi errefuxiatuetatik sei berehala geratu ziren libre. Alabaina, gainerako biek asilo-eskaera egin gabe zutenez, atxilotu egin zituzten. Datozen orduetan utziko dituzte aske, asilo-eskaera eginda.
Zuluaga eta Huarteren aldeko elkarretaratzeak
Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte fidantzapean aske geratu badira ere, arratsalde honetan bi ekintzaileen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan: Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Elkarretaratze horietan parte hartu duten pertsonek euren babesa adierazi diete bi ekintzaileei, eta akusazio guztiak alde batera uzteko eskatu dute.
Bizkaiko ‘Ongi Etorri Errefuxiatuak’ plataformak deituta, ehunka lagun bildu dira Bilboko Areatzan, "Elkartasuna ez da delitua. Euskal Herria Harrera Herria" lelopean.
Plataforma horretako kideek esan dutenez, Mikel Zuluagarekin harremanetan jartzeko aukera izan dute, eta "oso ondo" dagoela adierazi die. Halaber, fidantzapean aske geratu ostean egin duen lehenengo gauza azaldu du: atxilotu zituzten unean, autokarabana barruan zeramatzaten bi errefuxiatuak bisitatu.
Halaber, arreta bi ekintzaileetan jarri beharrean, Estatuek onartzen dituzten bidegabekerietan jartzeko eskatu du Zuluagak. ‘Ongi Etorri Errefuxiatuak’ plataformak jakinarazi duenez, bi ekintzaileak laster bueltatuko dira.
(Ehunka lagun bildu dira bi ekintzaileei babesa adierazteko. Argazkia: EFE)