Gizartea -
Alerta
Kontsumobidek 118 telefonoetako deien kostuaz ohartarazi du
"Hainbat erreklamazio" bideratu ditu jada "ezusteko" fakturak igorri dizkiotelako. Kasuren batean 55 eurotik gorako -BEZ barne- fakturak izan dira zortzi minutu eskaseko komunikazio batengatik.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak kontsumitzaile eta erabiltzaileei ohartarazi die bost zenbakiz osaturiko 118 aurrezenbakietara hots egiteak telefono faktura "asko" igo dezakeela, eta jakinarazi du "hainbat erreklamazio" bideratu dituela jada "ezusteko" fakturak igorri dizkietelako. Kasuren batean 55 eurotik gorako -BEZ barne- fakturak izan dira zortzi minutu eskaseko komunikazio batengatik.
Kontsumobidek jakitera eman duenez, beste abonatuen zenbakiei buruzko informazioa eskatzeko diren 118 aurrezenbakiz hasten diren telefonoek tarifa bereziak aplikatzen dituzte, eta sakelako telefono batetik egindako bi minutuko dei batengatik 11,80 euro arte kobratu dezakete. Horrela jasota dago Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren mendeko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusiak 2016ko abenduan eguneratu duen "El Plan Nacional de Numeración - Guía práctica de usuario" izeneko agirian.
Indarrean dagoen araudiak aukera ematen die enpresei kontsulta horrengatik -direktorioko zerbitzua ere deitzen da- nahi duten prezioa jartzeko. Halaber, posta elektronikoko helbideei buruzko datuak eta domeinuko izenei edo dei amaierari buruzko datuak bezalako beste zerbitzu batzuk ere eskaini ditzakete.
Zerbitzu horren bitartez, bezeroak eskatutako telefonora zuzenean deitzeko aukera ematen zaio hornitzaileari, bezero horrek telefonoa eskegi eta berriro markatu beharrik gabe. Kasu horietan, ordea, konpainiak 118 aurrezenbakiaren tarifa berezi propioa aplikatzen jarraitu ahal izango du, bezeroak zuzenean deituz gero honek ordaindu beharko lukeen tarifaren ordez. Hortaz, norbaitek bere udalerriko telefono bat eskatzen badu eta dei hori operadoreak egitea onartzen badu, dei hori 118XX zenbakiarekin hitz egiten jarraituko balu bezala ordainduko du eta ez zaio dei lokaletarako kontratatuta duen tarifa aplikatuko.
Betekizunak
Araudiaren arabera, zerbitzuaren hornitzaileek hainbat betekizun dituzte. Norbaitek zenbaki hauetakoren batera hots egiten duenean, lehendabizi, enpresaren izenari eta deiaren prezioari buruzko zortzi segundoko lokuzio bat entzun behar du. Ondoren, hiru segundoko tarte bat egongo da, erabiltzaileak telefonoa eseki edo deiarekin aurrera jarraitzen duen -kontsulta egiteko- erabaki dezan. Lehen 11 segundo horiek prezio baxuagoan fakturatuko dira, deiaren inguruko informazioa baino ez delako ematen.
Konpainiak, zuzenean eskatutako telefonoarekin konektatzeko, deia amaitzea eskaintzen badu eta bezeroak onartzen badu, bezero horri, lokuzio berri baten bitartez, jakinarazi beharko zaio dei horrek 118XX zenbakira deitzeak duen prezio bera izango duela.
Prezioak jartzeko dagoen askatasunaren ondorioz, aukeratutako hornitzailearen arabera, prezioen arteko diferentzia handia izan daiteke. "Guía práctica de usuario" izeneko agirian biltzen dira sektoreko enpresek aplikatutako tarifak, konexioa finko edo sakelako batetik egiten den kontuan hartuta.
Telefono bidezko kontsulta zerbitzu hauek eskaintzen dituzten konpainien zerrenda Merkatuen eta Konpetentziaren Batzorde Nazionaleko (CNMC) Telekomunikazioen Zenbaketa Erregistroan kontsulta daiteke.