Gizartea -
Sexu-abusuak
Bost adingabeetatik batek sexu-jazarpena jasan du EAEn
Gehiegikeria gehienak familiaren baitan gertatzen dira eta ez dira antzematen, biktimek kontatzen ez dutelako eta, hala egiten dutenean, haurrei sinesgarritasunik ematen ez zaielako.
Agentziak | Erredakzioa
Bost adingabeetatik batek sexu-gehiegikeriak jasan ditu Euskal Autonomia Erkidegoan; senide bat edo inguruko ezagun bat izan ohi da erasotzailea; eta biktimen gehiengoak jasandako jazarpena ezkutatu egiten du.
Hala dio 'Sexu-gehiegikeriak Haurtzaroan 2016' ikerketak. Txostena erakunde ezberdinen artean egin dute eta ondorioak gaur aurkeztu dituzte Bilbon egindako agerraldi batean.
Ikerketaren helburu nagusia, besteak beste, arazo larri hau azaleraztea izan da, herritarrak kontzientziatzeko eta gertakari beldurgarri horien gaineko isiltasuna apurtzeko.
“Oso deigarria da haurren kontrako sexu-abusuen inguruan dagoen inpunitatea”, adierazi du Aitziber Bañuelos Eraikiz elkarteko arduradunak. Kasuen % 90-98 antzematen ez direla ohartarazi du, “biktimak gertatutakoa ezkutatu egiten duelako eta, ondorioz, ezinezkoa da erasotzailearen kontra egitea”, azaldu du.
Eta jasandako sexu-abusuez hitz egitera ausartu diren adingabeen testigantza askori sinesgarritasunik ematen ez zaiela ere adierazi du. Hortaz, arrazoi bategatik edo besteagatik, haurrak babesik gabe daude.
Kasu gehienetan erasotzaileak biktimaren inguruan (familian, ikastetxean, aisialdian…) dauden pertsonak dira eta haurraren konfiantzaz baliatzen dira abusuak egiteko. “Ez dute indarkeriarik erabiltzen eta horrek gerora errudun sentiarazten ditu biktimak”, esan du Bañuelosek.
Faktoreak
Bestalde, ikerketak agerian utzi ditu orain arteko uste okerrak, hau da, adingabeen aurkako sexu-gehiegikeriak klase sozialaren edo egoera ekonomikoaren araberakoak direla.
Baina edonor izan daiteke sexu-jazarpen baten biktima: “Arriskuak kanpotik datozela esaten diete gurasoek beren seme-alabei, baina horrelakoetan arriskua barruan dago”.
Familia-ereduak, hots, “eredu patriarkal eta hierarkiakoak” arazo honetan eragin zuzena duela ondorioztatu dute, “familia salatzea gaizki ikusita dagoelako”.
Teknologia berrien eragina ere azpimarratzekoa da, pederasta-sareak sortzea erraztu duelako.