Gizartea -

Ustezko prostituzio sarea

Sansohetako auziaren harira preso zegoen psikologoa, aske

Baldintzapeko askatasunean geratu da orain arte kartzelan zegoen pertsona bakarra.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sansohetako (Gasteiz, Araba) adingabeen zentroan atzemandako ustezko prostituzio sarearen harira preso zegoen psikologoa aske geratu da, karguekin. Hainbat pertsona ikertzen ari dira, baina hau zen kartzelan zegoen bakarra.

Gasteizko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak asteazkenean utzi zuen aske, El Correok gaurko alean jakinarazi duenez. Hilabete eta erdi eman du preso.

Joan den azaroaren 12an jakin zen Arabako Foru Aldundiaren ardurapeko adingabeen zentroan ustez egondako prostituzio sare bat ikertzen ari zirela. Aldundiak aitortu zuenez, adingabe baten amak apirilean salaketa jarri zuen zentroan "sexu harremanak egon zitezkeen susmoagatik", baina Udaltzaingoak ezin izan zuen egiaztatu.

Psikologoa behin-behineko espetxealdian zegoen. Horrez gain, beste bost pertsona ikertzen ari dira. Bostak aske daude, baina 15 egunean behin etxetik gertuen duten epaitegira joan behar dira, sinatzera.

Filtrazioa

Auzia sekretupean dago. Dena dela, biktimek epailearen aurrean egindako deklarazioa filtratu zuten hainbat komunikabidek. Hori dela eta, Jose Luis Nuñez Gasteizko epaile dekanoak filtrazioa ikertzea eskatu dio epaitegiari. Deklarazioak nork filtratu zituen jakin nahi du epaileak.

Horrez gain, auziaren inguruan informazioa emateko orduan komunikabide batzuen "sentsazionalismoa" salatu du kazetari, sindikatu eta adingabeekin lan egiten duten profesional talde batek.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Beatriz Artolazabal Arabako Gizarte Zerbitzuen foru diputatu izandakoak (egun, Enplegua eta Gizarte Politiken sailburu dena) auziaren inguruko azalpenak eman dituzte Batzar Nagusietan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea