Gizartea -
Top 10-a
2016ko albiste ikusienak eitb.eus-en
Bideoak dira nagusi urtean zehar bisitari gehien izan dituzten 10 edukien artean. Zerrendaren goialdean ageri dira Jon Maiak Anoetan botatako bertso hunkigarriak eta Plentzian agertutako orkena.
E.G | EiTB.EUS
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esaten da maiz. 2016ari adio esateko unean gauden honetan, urtean zehar eitb.eus-en gehien ikusi diren edukiei erreparatuta behintzat, esamolde horrek bete-betean asmatzen du. Izan ere, albisteak baino gehiago, bideoak dira nagusi gure erabiltzaileen kutunenen artean. Euskarazko eduki ikusienen zerrenda Google Analyticsen audientzia datuen arabera osatu dugu.
Lehen postuan, eta gainerako edukiekin alderatuta tarte handira gainera, ageri da Jon Maiak Arnaldo Otegiri Anoetan egindako ongietorrian botatako bertso ederrak. "Kantu bat gara" izenpean, euskal kantagintzaren ale ezagunenen letrak maisuki harilkatu zituen bertsolari zumaiarrak seguidilla honetan:
Zerrendako bigarrenak ere bideo bat du protagonista, baina albistea irakurri zuten gurean erabiltzaileek. Paul Jorgensen hizkuntzalari kanadarrak euskararen jatorriaren inguruan Youtubeko bere kanalean kaleratutako bideo batek izandako arrakasta zuen hizpide. Maiatzean, 200.000 bisitaldi baino gehiago zituen bideoak; orain, 500.000 pasatxo.
Harrigarria badirudi ere, orkak ikus daitezke Bizkaiko kostaldean. Horren lekuko, Plentziako uretan Carlos Estebanek eta Daniel Guellek grabatutako irudi ikusgarri hauek. Oraindik ikusi ez badituzu, hemen duzu animaliatzarrak berriro ikusteko aukera:
Albiste batek hartu du gure top 10-aren laugarren postua. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak berriki kaleratutako ohartarazpena du protagonista. Izan ere, lapurrek Gabonetako oporrak baliatzen dituzte etxeetan sartzeko. Aholku sorta plazaratu du Ertzaintzak.
Otsailean olatuek enegarrenez kolpatu zuten euskal kostaldea. Itsaso zakarrak Lekeition egindako triskantzaren irudiok milaka bisitariren arreta bereganatu dute:
Irailaren erdialdean hilda topatutako 38 urteko emakumearen albistea kolpe latza izan zen Urretxun. Zorigaiztoko berria urtean gehien ikusi diren edukietan seigarrena da.
Zerrendako gainerakoak bideoak dira. Kotoizko tapaki goxo bat azpian estalita, halaxe ageri da Gaztelugatxeko Doniene irudi eder hauetan:
Oso bestelakoa da ikusienen artean zortzigarrena. Arnaldo Otegi Sortuko presidente eta ezker abertzaleko buruzagi ezaguna martxoaren 1ean atera zen kartzelatik, sei urte eta erdi preso egon ostean. Bere lehen elkarrizketa ETBri eskaini zion, eta erabiltzaile askok eitb.eus-en ikusi zuten:
2016a irudi bitxi batzuekin abiatu genuen. Erabiltzaile batek auto bat grabatu zuen San Mames inguruko eskailerak jaisten. Galdu bazenituen, honatx:
Irudiok bezain ikusgarriak dira 10. postuan ageri diren bideoarenak. Hiruka eta verballenas.com-ek egindako erreportajean, balea urdinak euskal kostaldean utzitako ikuskizunaz goza dezake erabiltzaileak.
2016ko 10 albiste ikusienak:
- Bideoa: Jon Maia bertsolariak Anoetako publikoa hunkitu du
- Euskarari buruz kanadar batek egindako bideoa bolo-bolo dabil sarean
- Bideoa: Orkak Plentziako kostaldean
- Etxeko atean erlaitz bat topatzen baduzu... lapurreta egin nahi dizute
- Bideoa: Olatuek kalteak eragin dituzte Lekeition
- Hilda aurkitu dute, urtegi batean, Urretxun desagertutako emakumea
- Gaztelugatxeko Doniene, lainopean
- Bideoa:Arnaldo Otegi, ETBn: elkarrizketa oso-osorik
- Bideoa: Auto bat grabatu dute San Mames inguruko eskailerak jaisten
- Bideoa: Balea urdin bat, euskal kostaldean