Gizartea -
Ama-hilketa
Emakume bat hil dute Gijonen, semeak antza
Ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du. Lehen ikerketen arabera, litekeena da biktima asfixiaz hil izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
54 urteko emakume bat hil du, ustez, bere 34 urteko semeak Gijonen, familiaren etxean. Ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du Espainiako Poliziaren aurrean.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, atxilotua astelehen goizeko zortzi eta erdietan polizia-etxean aurkeztu zen, eta amaren gorpua minutu batzuk geroago topatu zuten.
Lehen ikerketen arabera, litekeena da asfixiaz hil izana. Guardia Zibilak ikerketa abiatu du hilketaren nondik norakoak argitzeko. Gainera, emakumearen gorpuari gaur egingo diote autopsia.
Atxilotua Gijongo Guardia Zibilaren kuartelean dago, epailearen aurretik igaro zain.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.