Gizartea -

Polizia operazioa

4 atxilotu, ustez, ISISen immigrazio sarearekin lotura dutelakoan

Coruñan eta Almerian egin dituzte atxiloketak. Polizia operazioa zabalik dago, eta baliteke datozen orduetan atxiloketa gehiago izatea.

Jihadismoaren aurkako operazioa. Argazkia: EiTB
Jihadismoaren aurkako operazioa. Argazkia: EiTB
Ustezko lau jihadista atxilotu dituzte Coruñan eta Almerian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu Coruñan eta Almerian, ustez, ISISen immigrazio sarearekin lotura dutelakoan. Aldi berean, Greziako Leros uhartetik barrena Europara sartzen omen ziren eta Austrian atxilotu zituzten bi terroristarekin lotura izatea leporatzen diete.

Poliziak egin ditu atxiloketak Coruñako Arteixo eta Tufions-Vimianzo udalerrietan eta Almerian, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2. Epaitegiak eta Fiskaltzak aginduta.

Lau atxilotuei Turkiaren eta Europa ekialdearen arteko "Siriako errefuxiatuen ibilbideko" parte izatea egozten diete. Guardia Zibilaren arabera, 2015eko urrian ISISeko hainbat kidek eta Parisko atentatuetako egileek Europan sartzeko erabili zuten sare bera litzateke.

Coruñako eta Almeriako atxilotuak, gutxienez, behin harremana izan zuten Parisko atentatuetan parte hartu zutenetako batekin; zehazki, atentatuak izan eta hilabetera Austriako Salzburgo hirian atxilotutako terroristetako batekin. Are gehiago, 2015eko azaroaren 13ko atentatuen aurretik eta ondoren izan zuten harremana.

Orain, harreman horiek Parisko atentatuekin edota legez kanpoko immigrazio sarearekin lotura ote duten ikertzen ari dira. Sare hori baliatuta, ia 200 pertsona lehorreratu ziren Greziako Leros uhartean 2015eko urriaren 3an.

Polizia operazioa zabalik dago, eta baliteke datozen orduetan atxiloketa gehiago izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Estatu islamiarra berriak Jihadismoa Gaurko azken orduko albistea