Gizartea -
VI Edizioa
Elikagaien bilketa handia hasi da
‘Bizia ematen duten keinu txikiak’ lelopean, ekimenaren bidez 94.000 pertsona baino gehiagori lagunduko zaie Euskadin. Berritasun moduan, aurten ‘Elikagaien Bonua’ren erabilera bultzatuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Elikagaien bilketa handia hasi du Elikagaien Bankuko Espainiako Federazioak, beste 56 bankurekin elkarlanean, laugarren urtez jarraian. Seigarren edizio hau Espainia osoan gauzatuko da, ostiral honetan eta larunbatean.
‘Bizia ematen duten keinu txikiak’ lelopean, 2016ko kanpaina honen helburua aurreko edizioan lortutako 22 milioi kilo elikagai edo gehiago lortzea da. 2015 osoan bildu zuen guztiaren % 18 jaso zuen iaz asteburu bakarrean elkarte horrek. Produktu horiekin, ongintzazko 8.500 erakunderi lagundu zien, eta 1.600.000 pertsona ingururi eman zizkieten elikagaiak.
Helburu hori lortzeko, elikagaien bankuek boluntarioen, “motor nagusien”, laguntza izango dute. 110.000 boluntario inguru behar izango dituzte. Lau ordu eskainiko dituzte kontsumitzaileei elikagaiak ematera animatzeko.
Boluntarioek zein elikagai mota behar diren gehien jakinaraziko diote jendeari: haragi eta arrain kontserbak, olioa, kontserba lekaleak, tomate frijitua, gailetak, haurren alimentuak, esne uperizatua eta esne-hautsa, ohikoez gain: pasta, arroza eta leka lehorrak.
Bilbon ekimena Bizkaiko Elikagaien Bankutik itzuli da, Udalaren babesarekin. Aurten nobedade gisa, 10, 20 edo 25 euroko bonuak hartu ahalko dira, eta horiekin elikagaiak erosi ahalko dira beharrezkoa denean. Horrela, biltegiratze eta garraio arazoak saihestu ahalko dira. Bizkaiko Elikagai Bankuarentzako ekarpenak hainbat dendatan edo elkarte horretako webgunean egin daitezke.
Donostian, Jose Manuel Pineda Elikagaien Bankuko presidenteak azaldu duenez, iazko kanpainan 626.850 kilogramo elikagai bildu zituzten; 2014an, 575.000. Elikagaien Bankuko presidenteak ahal dela elikagai hauek emateko eskatu die hiritarrei: kakao-hautsa, gailetak, arrain edota berdura kontserbak, olioa, garbitasuneko produktuak, pixoihalak, eta haurrentzako era guztietako elikagai eta produktuak. Hiritarrek bi modu dituzte Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzeko: eskatutako elikagaiak erosita edo 3 eta 5 euroko bonuak eskuratuta. Bonu horiei esker, Elikagaien Bankuak beharra duenean elikagaiak erosi ahalko ditu eta, gainera, biltegiratze eta garraio arazoak saihestu ahal izango ditu.
Gasteizen, asteburu honetako kanpainan 300.000 kilo biltzea espero dute antolatzaileek. 2015eko datuak egonkortu nahi dituzte, Bizkaia eta Araba izan baitziren kilo gehien bildu zituzten estatu espainiarreko bi probintziak.
Arabako 88 supermerkatutan bilduko dituzte elikagaiak. Kanpaina honetan, produktu iragankorrak eskatu ditu Arabako Elikagaien Bankuak. Bereziki lekale-kontserbak, pasta, arroza, olioa, esnea, azukrea, gailetak, kakao disolbagarria, barazki-kontserbak, arrain-kontserbak eta haragi-kontserbak. Halaber, haurrentzako elikagaiak, pixoihalak eta higiene produktuak bilduko ditu Arabako Elikagaien Bankuak.
Nafarroako Elikagaien Bankuaren bilketa handia azaroaren 21ean hasi da Iruñean. Ekimena Farplus eta Nafarco elkarteen 100 farmaziatan egingo da, eta baita Donibane auzoko Martin Azpilikueta inguruko 144 saltokitan. Ostiral honetan, Nafarroa osora zabalduko da.
Kanpainaren helburua 32.000 pertsona baino gehiagori laguntzea da. Elkartearen arabera, dagoeneko 2.500 pertsonak eman dute izena bilketa-guneetan laguntzeko.