Gizartea -
Edukiontzi batean utzi zuten
Senda-agiria eman diote Donostian abandonatutako haurtxoari
Harrera familia batek hartuko du aldi batez. Bien bitartean, gertatutakoa ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak.
EITB.EUS
Asteartean Donostiako Zuloaga plazako edukiontzi batean bizirik topatu zuten haur jaioberria harrera familia baten esku utzi dute ostegun honetan, ospitalean senda-agiria jasota.
Topatu zutenetik, Donostia Ospitalean egon da, behaketan, osasun egoera ona izan duen arren. Ane izena jarri diote, eta bi kilo eta seiehun gramo pisatzen ditu.
Haurtxoak zilbor-hestea zuela topatu zuten edukiontzi barruan, eta litekeena da ama ospitaletik kanpo erditu izana.
Ume baten negarrak entzuten zituela eta, bizilagun batek Ertzaintza ohartarazi zuen, eta Zuloaga plazako edukiontzi baten barruan aurkitu zuten.
Aurkitu ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Inguruko kamerek haurra nork utzi zuen argi dezakete, baina oraingoz ez dute inor atxilotu.