Gizartea -
Gizarte zerbitzuak
Donostian abandonatutako umetxoa familia batek hartuko du aldi batez
Epaileak instrukzioa amaitu bitartean izango da haurra harrera familiarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bart Donostiako Zuloaga plazako edukiontzi batean bizirik topatu duten haur jaioberria larrialdiko harrera familia baten esku utziko dute aldi batez. Haurra Donostia ospitalera eraman badute ere, onik dago eta egunean zehar emango diote sendagiria, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako foru diputatuak azaldu duenez.
Gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan Maite Peñak adierazitakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak kasu horietarako protokoloa aktibatu du, gizarte ongizatearen arduradunekin elkarlanean, eta gaur bertan utziko dute jaioberria harrera familia baten ardurapean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, bizilagun batek Ertzaintzari deitu dio 03:15 aldera, ume baten negarrak entzuten zituela eta. Bertaratu den patruila batek neskato bat topatu du edukiontzi baten barruan, eta Donostia Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura eraman dute segituan.
Ertzaintzak Zuloaga plazaren inguruak ikuskatu ditu, eta, gainera, ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.