Gizartea -

Alokairu soziala

Bilbon hutsik dauden 5.453 etxebizitza alokatzeko asmoa du Udalak

Datu gehiago ezagutzeko asmoz, etxebizitza horietako jabeekin harremanetan jarriko da Udala. Ondoren, jardunbide egokiak aztertuko dituzte.

Bilboko Alde Zaharra. Artxiboko argazkia: Jesus Carbajo
Bilboko Alde Zaharra. Artxiboko argazkia: Jesus Carbajo
Bilboko Alde Zaharra. Artxiboko argazkia: Jesus Carbajo

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon 5.453 etxebizitza daude hutsik, inor erroldatu barik eta ur kontsumo  barik. Horiek Bizkaiko hiriburuko eraikinen parkeko % 3,35 dira. Arrazoi horregatik, Bilboko Udalak alokairu soziala bultzatzeko ikerketa abiatuko du.

Etxebizitza hutsei buruzko txosten horretan irakurri daitekeenez,  5.453 etxebizitza zenbatu dira inor erroldatu barik eta ur-kontsumo barik. Gainera, beste 3.269 gehitu daitezke, gutxi erabiltzen diren etxeak baitira (ez dago inor erroldatuta eta urteko ur-kontsumoa eskasa da).

Azterlana egiteko iturri desberdinetatik hartutako datuak uztartu ditu Bilboko Udalak. Besteak beste, Bilboko biztanleen errolda, Bizkaiko Ur Partzuergoa, Jarduera Ekonomikoen Zergari  buruzko datuak eta Eusko Jaurlaritzako alokairuen bermeen gordailuaren datu basea kontsultatu dira.

Bilbon hutsik dauden etxebizitza gehienek 76 m2 dauzkate, eta, ia guztiek, 50 urte baino gehiago dituzte. Bilboko barrutiak aztertuta, Ibaiondon daude etxebizitza huts gehien (1.118). Alabaina, barruti bakoitzean hutsik dauden etxebizitzen ehunekoari dagokionez, Abando eta Errekaldek dauzkate tasarik altuenak.

Etxebizitzak eraiki ziren urtea aztertuta, Ibaiondo Barrutian (Zazpi Kaleak barne) daude etxebizitzarik zaharrenak, batez beste 83 urte baitauzkate. Beste muturrean daude Deustuko eta Otxarkoaga-Txurdinagako pisuak, batez beste 52 urtekoak.

Bilboko Udalaren helburu nagusia hutsik dauden etxebizitzak alokairuaren merkatura ateratzea da. Dena den, hutsik dagoen etxebizitza “zer den definitzea” eta auzo bakoitzean daudenak identifikatzea da zailtasun handienetako bat politika horiek ezarri ahal izateko.

Datu gehiago ezagutzeko asmoz, etxebizitza horietako jabeekin harremanetan jarriko da Udala. Ondoren, jardunbide egokiak aztertuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Etxebizitza gaur