Gizartea -
Bilbo
Udaltzaingoa Zorrotzako kiroldegiko begiluzearen bila ari da
Azken hilabetean hiru aldiz harrapatu dute emakumezkoen aldagela zelatatzen eta azkeneko aldian sabai faltsutik aldagela barrura erori zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken hilabetean Zorrotzako kiroldegiko emakumezkoen aldagela zelatatzen hiru alditan harrapatu duten gizonezko baten bila ari da Bilboko Udaltzaingoa.
Pasa den ostiral gauean emakumezkoen aldagela zelatatzen ari zela, sabai faltsutik aldagela barrura erori zen. Une horretan, emakume bat eta haren alaba zeuden barruan eta gizonezkoak mantenu lanak egiten ari zela esan zien.
Ohiane Agirregoitia zinegotzi eta Bilbao Kirolak erakundeko presidenteak Zorrotzako kiroldegian gertaturikoa salatu du kazetarien aurrean egindako adierazpenetan. Haren esanetan, lehendabiziko "gertaera" jazo zenetik Bilbao Kirolak erakundea Udaltzaingoarekin harremanetan jarri zen neurriak hartzeko eta kiroldegi barruko segurtasun kamerak berrikusteko. Irudiei eta argazkiei esker, 30-40 urte inguruko begiluzearen arrastoa topatu dute, baina gizona identifikatzeko lanetan ari dira orain.
Zinegotziaren hitzetan, gizonezkoa kanpotik sartzen zen kiroldegira, ez tornuetatik. Itxura guztien arabera, kiroldegiaren perimetroko tokiren batetik sartzen zen, atletismo pistatik edota futbol zelaietatik barrena.
Gertatutakoaren berri izan ostean, Bilbao Kirolak erakundeak hiriko kiroldegietako langileei abisua bidali die eta kiroldegi horietako aldageletako sabai faltsu guztiak berrikusi dituzte. Miaketa horietan ez dute ez kamerarik eta ezta bestelako gailu elektronikorik aurkitu.
Bestalde, kiroldegi barruko segurtasuna ere indartu egin dute gizonezkoen zein emakumezkoen aldagelak ikuskatu ahal izateko.