Gizartea -
Sangonera la Verde
Murtziako Atxikitze Zentroko 12 lagunek ihes egin dute
Hirugarren aldia da gertatzen dela, hilabete inguruan. Su txiki bat egin dute, Poliziaren arreta desbideratzeko. Urriaren 5ean 67k ihes egin zuten, eta aurreko 31an, beste bostek.
agentziak | erredakzioa
Sangonera la Verdeko (Murtzia) Atzerritarrentzako Atxikitze Zentroko 12 lagunek ihes egin dute bart, Poliziarekin liskarra izan eta gero. Gertaeran, Polizia Nazionaleko hiru agentek zauri arinak izan dituzte, Europa Press albiste agentziak adierazi duenez.
Liskarra 21:00ak aldera hasi zen, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta. Antza denez, 12 bat pertsonak sute txiki bat egin zuten, zenbait papera eta kartoiri su emanda.
Horrezkero, dozena batek ihes egitea lortu zuen. Polizia Nazionalak, hori dela eta, bilaketa operazioa abiarazi du. Hirugarren aldia da istiluak egoten direla zentro horretan, hilabete inguruan.
Hala, Murtziako Suhiltzaileetako zenbait kide bertaratu ziren 20:40 inguruan, sute txikia itzal zezaten. Lau ibilgailu eta 14 suhiltzaile joan ziren zentrora, baina ez zuten lan handirik egin behar izan, ordurako agenteek sute txikia itzali baitzuten, aipatutako albiste agentziak dioenez.
Gainera, hiru agente arin zauritu ziren, eta Murtziako ospitale batera eraman zituzten anbulantziaz, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren arabera.
Murtziako Atxikitze Zentroan halako beste bi gertaera izan dira hilabete inguruan; urriaren 5ean 67k ihes egin zuten eta, urriaren 31, beste bostek.
Poliziaren sindikatuetako batzuek, SUPek, esaterako, horren moduko zentroen segurtasuna hobetzeko eskatu dute berriz ere. "Arduradun politiko eta polizialei galdegiten diegu zer nolako ezbeharra gertatu behar ote den segurtasun arazoak konpon ditzaten", salatu dute Twitterren.