Gizartea -
nazioarteko operazioa
Sei atxilotu Bilboko Aireportuan, pertsonen trafikoaren biktima
Desegin duten eta nazioartean aritzen zen legez kanpoko sare batek emandako dokumentu faltsuak zeramatzaten atxilo hartutakoek.
EITB.EUS
Espainiako Poliziak sei pertsona atxilotu ditu Bilboko Aireportuan Erresuma Batura dokumentu faltsuekin bidaiatzea egotzita. Gizakien trafikoa egiten zuen sare bateko biktima dira seiak. Sareko buruzagiak ere atxilotu dituzte, Espainiakoak hainbat herrialdetako poliziekin eta Europolekin batera egindako nazioarteko operazioan.
Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, Kolso izeneko operazioan guztira 115 pertsona hartu dituzte atxilo, tartean gizakien trafikoa egiten zuen erakundeko buruzagiak. Atxiloketak Espainiako Estatuan, Ukrainan, Polonian, Belgikan, Irlandan eta Erresuma Batuan egin dituzte. Horrez gain, sareko beste hiru ustezko kide bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman dute agintariek.
Ikerlarien ustez, gaizkileen talde honek Ukrainako 6.000 etorkinekin trafikatu du.
Atxilotuen artean, Erresuma Batua helmuga, dokumentazio faltsua zeramatzaten 100 bat etorkin atxilotu dituzte hainbat aireportutan. Estatuko 12 aireportutan 56 bulgariar atzeman dituzte: Bilbokoan (6), Bartzelonan (13), Madrilen (7), Mallorkan (5), Eivissan (1), Gironan (5), Murtzian (2), Santanderren (1), Tarragonan (7), Tenerifen (2), Malagan (4) eta Alacanten (3).
Europol Europako Poliziaren buruzagitzapean, ia bi urte eman dituzte gaizkile talde honen peskizan. Espainiako Poliziak Bartzelonan atxilotu du taldeko buruzagia. Faltsututako dokumentazioa banatu eta etorkinen bidaiak antolatzea egotzi diote. Haren etxebizitzan egin duten miaketan 100 bat Poloniako nortasun agiri eta pasaporte faltsu topatu dituzte, erabiltzeko prest.
Etorkinak erakartzeko arduraduna Errumanian atzeman dute, eta Polonian, herrialde horretan biktimak erakartzen aritzen ziren beste bi pertsona atxilotu dituzte.