Gizartea -
Bizkaia
Bost atxilotu Mungian drogaren aurkako polizia-operazio batean
Kilo eta erdi haxixa eta marihuana aurkitu du Udaltzaingoak miatutako etxebizitzan, eta merkatu beltzean saltzeko prest zuten marihuana kukuluz osatutako hainbat poltsa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mungiako Udaltzaingoak drogaren aurkako operazioa abiatu du aipatutako udalerrian, eta ostiral honetan etxebizitza bat miatu ostean, bost lagun atxilotu ditu. Miaketan kilo eta erdi haxixa eta marihuana aurkitu dute agenteek.
Mungiako Udalak jakinarazi duenez, ikerketak zabalik jarraitzen du, eta litekeena da atxiloketa gehiago egotea. Bost atxilotuetatik, hiru Mungiakoak dira, eta beste bi, berriz, Bilbokoak. Hainbatek aurrekari penalak dituzte.
Udaltzainek etxebizitza hartan aurkitutako materialaren artean, kilo eta erdi haxixa eta marihuana dago (tabletetan prestatuta saldu ahal izateko), eta merkatu beltzean saltzeko prest zuten marihuana kukuluz osatutako hainbat poltsa. Gainera, 1.500 euro aurkitu dituzte, balantza bi eta droga mozteko tresnak. Bestalde, bertan atzemandako sei eskuko telefono aztertzen ari da Polizia.
Mungiako Elorduigoitiako zonaldean drogen salerosketak gora egin zuela ikusita, polizia-operazioa abiatu zuen Udaltzaingoak.
Atzo atxilotutako lagunak Gernikako guardiako epailearen aurrera eraman dituzte gaur.