Gizartea -
Sarasateko istiluak
Eraikin bat okupatu zuten 3 gazteri bitartekaritza penala ezarri diete
Arrazoi horregatik, Iruñeko Sarasate etorbideko eraikin bat okupatzea leporatuta atxilotu zituzten hiru gazteei ez diete epaiketa azkarrik egin.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Sarasate etorbideko eraikin bat okupatzeagatik atxilotu zituzten hiru gazteei bitartekaritza penala ezarri die Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak.
Hiru atxilotuen abokatuek egin dute eskaera hori, eta Ministerio Fiskalak proposamena onartu egin du, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Gauzak horrela, atxilotuei ez diete asteazken honetarako aurreikusi zuten epaiketa azkarrik egin. Eraikina opkupatzea leporatuta, hiru gazteei autoritatearen aurka eraso egitea egotzi diete. Gainera, horietako biri ondasun higiezinen usurpazio delitua leporatu diete.
Horrenbestez, horietako gazte bakoitzari hamabost hilabeteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak. Halaber, ondasun higiezinen usurpazio delitua eta autoritatearen aurkako erasoa dela eta 2.250 eta 900 euro bitarteko zigorrak ezartzeko eskaera egin du.
Hirugarren atxilotuari, berriz, autoritatearen aurkako erasoa egotzi dio Fiskaltzak eta, lesio arinak egitea leporatuta, 1.350 euroko zigorra ezartzea eskatu du (hamabost hilabeteko kartzela-zigorra eskaera egiteaz gain).
Bitartekaritza penala Iruñeko Abokatuen Elkargoaren esku egongo da (Zuzenbide Penalean adituak) eta bi aldeak akordioa lortzen ahalegindu daitezen saiatuko da.