Gizartea -

Epaiketa azken eguna

43 urteko zigor eskaera berretsi dute Abadiñoko hilketaren epaiketan

Fiskaltzak eta akusazioak zigor bera eskatu dute; defentsak, aldiz, 20 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Abadiñoko epaiketaren artxiboko argazkia. Argazkia: EFE
Abadiñoko epaiketaren artxiboko argazkia. Argazkia: EFE
Benito Quintairos akusatuaren azken hitza

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abadiñoko hilketaren epaiketa epaimahaiaren erabakiaren zain geratu da astelehen honetan. Alde guztiek zigor-eskaerak berretsi dituzte: batetik, Fiskaltzak, Estatuko Abokatuak, akusazio partikularrak eta herri-akusazioak 43 urteko kartzela-zigorra eskatu dute; bestetik, defentsak 20 urte eskatu ditu.

Emaztea eta amaginarreba "maltzurkeriaz" erahil izana leporatu diote ustezko hiltzaileari akusazioko alde guztiek, "ahaideak izatearen larrigarria" gehituta. Horrez gain, bere enpresaren sutearen ondorioz kalteak eragin izana ere egotzi diote.

Epaiketan azpimarratu dutenez, gizonak bi emakumeak hil zituen, eta, Fiskaltzaren esanetan, "defendatzeko inolako aukerarik gabe". Halaber, baztertu egin dute emaztearekin ezbaidatu ostean izandako "haserrealdi" baten ondorioz egin zuenik. Estatuko Abokatuaren ordezkariak esan du "litekeena dela eztabaidarik ere ez eduki izana".

Horrez gain, akusatuak gertaera aurrez prestatu zuela adierazi dute, beste bikotekide batekin "bizimodu berria" hasi nahi zuelako, eta emazteak traba egiten ziolako. Izan ere, "banantzea garesti aterako litzaioke".

Defentsaren iritziz, emaztearekin izandako liskar baten ondorioz izandako "haserrealdia" dela eta hil zuen. Antza denez, ez zion enpresaren mailegu bat subrogatzeko dokumentua sinatu nahi.

Akusatuak, azkenik, ezartzen dioten zigorra onartuko duela adierazi dio epaimahaiari, eta uneoro egia esan duela nabarmendu du. Orobat, biktimen senideei eta lagunei barkamena eskatu die berriz, nahiz eta "badakien inoiz ez diotela onartuko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak bideoak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Abadiño azken ordukoa Durangaldea