Gizartea -
Indarkeria matxista
Azken sexu-erasoaren aurkako elkarretaratzea egin dute Durangon
Dozenaka herritar bildu dira Andra Mari plazan. Hilaren 12an sexu-erasoa salatu zuen emakumezko batek. Horren ondorioz, Ertzaintzak ikerketa abiatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den hilaren 12an emakumezko batek salatutako sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek larunbat arratsalde honetan Durangon. Hitzordua 20:00etan izan da, Andra Mari plazan. Horrez gain, tabernek eta establezimenduek itxi egingo dute, protesta moduan, 23:30etik 00:00etara.
Eraso sexualen aurrean gaitzespena erakusteko elkarretaratze horretan Aitziber Idigoras Durangoko alkatea ere izan da, eta bertan azpimarratu duenez, "jaietatik kanpo onartzen ez duguna, ez dugu ezta jaietan onartuko".
Erasoa urriaren 12an izan zen, goizaldeko 05:00etan. Emakume batek sexu-erasoa salatu zuen Durangon, bertako jaietan. Salaketaren ondorioz, Ertzaintzak ikerketa abiatu eta erasotzailearen bila jarraitzen du.
Gaurko elkarretaratzea Durangoko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Batzordeak deitu du. Horrek emakumeen kontrako edozein indarkeria errefusatu du, eta biktimari elkartasuna adierazi dio, "Udalak dituen baliabide guztiak horren eskura jarrita".
Abuztutik, bost sexu-eraso salatu dira Durangon.
________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.