Gizartea -
2016ko jaioberriak
Lehen hiruhilekoan ama izan direnen % 45ek 35 urte edo gehiago dituzte
Urtarriletik martxora bitartean, 4.526 haur jaio ziren. Aurreko urteko epe berberarekin alderatuta, jaiotzak % 2,1 gutxitu dira Euskadin.
Agentziak | Erredakzioa
2016ko lehen hiruhilekoan ama izan diren euskaldunen % 44,9k 35 urte edo gehiago zituen. Gainera, 40 urte edo gehiagorekin amatu direnak 428 izan dira aurten.
Urtarriletik martxora bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan 4.526 haur jaio ziren, iazko epe berean baino % 2,1 gutxiago, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) astelehen honetan, irailak 26, jakitera eman duenez.
Eustaten arabera, jaiotzen beherakada nabariena Gipuzkoan izan da (% 11 gutxiago). Araban eta Bizkaian, berriz, jaioberrien kopuruak gora egin du (% 1,7 eta % 2,7, hurrenez hurren).
2015ean, aldiz, kontrako joera eman zen. Araban (% -5,2) eta Bizkaian (% -5,1) jaiotako haurren kopuruak behera egin bazuen ere, Gipuzkoan % 0,2 gora egin zuen. Araban, 780 haur jaio ziren; Bizkaian, 2.324; eta, Gipuzkoan, 1.422.
2016ko lehen hiruhilekoan izandako jaiotzak amaren adinaren arabera aztertzen badira, 30 eta 34 urte bitarteko amen taldea nagusi dela dio Eustatek. Haien artean erditzeen % 36,7 gertatu dira, eta talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea legoke: 35 eta 39 urte artekoa (% 35,4). Azkenik, 25 eta 29 urte bitartekoak leudeke, erditzeen % 13 izan dituztenak.
2015eko hiruhileko beraren aldean, 40 urte edo gehiagorekin amatu direnak 396 izatetik 428 izatera pasatu dira aurten. Emakume hauek jaiotzen % 9,5 izan zituzten; 25 urtez beherakoek, % 5,4.
Halaber, Eustatek argitaratu dituen datuen arabera, jaiotzen % 21,2tan ama atzerritarra zen. Aurreko urtearen aldean, ehuneko 1,6 puntuko hazkundea suposatzen du datu horrek.
Beste alde batetik, ezkontzaz kanpo jaioak guztien % 42,2 izan dira, ehuneko 1,1 puntu gehiago 2015eko lehen hiruhilekoan baino. Bizkaia (% 45,1) izan zen EAEko kopuru orokorraren gainetik ibilitako lurralde bakarra (Araban, % 40 eta Gipuzkoan, % 38,9). Talde horren erditze-adina haurrak eduki zituzten amen multzo osoarena baino txikiagoa da, 35 urtetik beherakoak baitziren ama ezkongabeen % 9,5.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2016ko lehen hiruhilekoan, erdiak baino gehiago (2.299), lehenengo haurrak izan ziren; 1.747 (% 38,6) aurretik beste bat bazen familietara etorri ziren; eta 480 (% 10,6) haur hirugarren edo ondorengoak izan ziren.