Gizartea -

Bahitu ostean hil zuten

Maria Villarren gorpua ostiral honetan helduko da Euskadira

Poliziak uste du antolatu gabeko gaizkile talde arriskutsu baten esku egon  zela getxoztarra.

Villarrek taxia hartu zuen Santa Fen (irudian), eta han galdu zen bere arrastoa. EFE
IBMk Santa Fen (Mexiko) duen egoitza. EFE
Villarrek taxia hartu zuen Santa Fen (irudian), eta han galdu zen bere arrastoa. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Villar Galazen gorpua datozen orduotan, gaur bertan, iritsiko da Loiuko aireportura. Mexikon bahiketa espres baten biktima izan zen, eta bi egunera hilda topatu zuten Getxoko emakumea.

Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioaren presidente eta, orain dela gutxira arte, UEFAren jarduneko presidente izan denaren loba zen. Duela bi egun utzi zuten haren gorpua familiaren esku, eta hilotza ekartzeko izapideak bukatuta, ostiral honetan helduko da Euskadira.

Bien bitartean, Villar desagertuta egon zen bi egunetan gertatutakoa argitzen jarraitzen dute Mexikoko ikertzaileek.

Eskarmentu gutxiko gaizkile talde bat

Patricia Bugarin Mexikoko Segurtasun Batzordearen Bahiketen kontrako Unitatearen koordinatzaileak esan duenez, antolatu gabeko gaizkile taldek bahitu zuen euskal herritarra. Bahiketa espresetan eskarmentu gutxiko taldea zela uste dute ikertzaileek, eta horrek Villarren heriotza azkartu zuela.

Funtzionarioaren esanetan, "ikerketa oso aurreratuta dago. Badakigu gaizkile taldea ez zela profesionala, eta horrek azkartu zuela Maria Villar Galazen heriotza lazgarria".

IBMren egoitzatik irten ostean hartu zuen taxi motaren inguruan galdetu diotenean, "bertsio kontrajarriak" daudela argitu du Bugarinek. "Oraindik ezin izan dugu hori zehaztu. Ikertzen jarraitzen dugu. Ez dakigu taxian bertan bahitu ote zuten, edota taxi hartatik jaitsita, beste leku batean atxiki ote zuten", erantsi du.

maria-villar_

Villar, sare sozialetan zabaldutako argazki batean. EiTB

Hiriko segurtasun kameren eta kamera pribatuen irudiak arakatzen ari da Polizia, arrasto gehiagoren bila.

Horrez gain, Mexikoko Poliziak operazio erraldoia jarri du martxan, bahiketa gertatu zen Santa Fe auzoan. 200 bat agente jarri dituzte lanean, segurtasuna bermatzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo Bahiketak Gizartea Mexiko argazkiak Eguneko albisteak