Gizartea -
Tragedia Manaslun
Nafarroako mendizale bat hil da Nepalen izandako luizi batean
Ezbeharrean, bi xerpa ere zendu dira. Horrez gain, 10 mendizale nafar zauritu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako mendizale bat hil zen eta beste hamar zauritu ziren Nepalen izandako lur-jausi batean, Nafarroako Gobernuak eitb.eus-i jakinarazi zionez.
Adolfo Ripa Arizala iruindarra eta bi xerpa dira hildakoak. Bestalde, taldeko hamar pertsona zauritu ziren eta Katmanduko ospitalera eraman zituzten, helikopteroz.
Nafarroako Gobernuaren arabera, luizi batek trekkinga egiten ari zen mendizale talde nafar bat harrapatu zuen Manaslu mendian, Nepalen.
Taldea zazpi gizonezkok eta zazpi emakumezkok osatzen zuten, eta Pitxi Eguillor zuen gidari. Joan den astean hasi zuten ibilbidea, eta urriaren 7an ziren itzultzekoak Nafarroara.
Nafarroako Babes Zibila mendizaleekin harremanetan jarri da, eta baita Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioarekin ere.
Nafarroako Gobernuak hildako mendizalearen eta zauritutakoen senideekin hitz egin du, eta 848 425 601 telefono-zenbakia jarri du beharrezko informazio guztia emateko.