Gizartea -

Aipamena

Nobel Alternatiboa: Siriako Defentsa Zibila, sarituetako bat

Beste hiru saridun daude: Mozn Hassan feminista egiptoarra, Svetlana Gannushkina ekintzaile errusiarra eta Turkiako 'Cumhuriyet' egunkaria.

Aurtengo lau saridunak.
Aurtengo lau saridunak.
Nobel sari alternatiboa, Siriako 'kasko zuri'entzat

0:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Right Livelihood Award fundazioak 2016ko Ondo Irabazitako Bizimoduaren Saria (Nobel Alternatiboa izenarekin ere ezagutzen da) norentzat den iragarri du gaur. Hauek dira saridunak: Siriako Defentsa Zibila, Mozn Hassan feminista egiptoarra, Svetlana Gannushkina ekintzaile errusiarra eta Turkiako 'Cumhuriyet egunkaria.

Suitzako hiru milioi koroko (320.000 bat euro) saria lauren artean banatuko dute, fundazioak ohar batean jakinarazi duenez.

Siriako gerran zibilak artatzen dituen erakundea da Siriako Defentsa Zibila. Epaimahaiak 2013tik lanean dauden boluntarioen "ausardia, sentsibilitate eta konpromiso humanitarioa" aipatu ditu. Egun 3.000 bat pertsona ari dira Sirian zibilak artatzen eta hiri azpiegiturak berreraikitzen.

Svetlana Gannushkina Errusiako ekintzailearen kasuan, "hamarkadetan giza eskubideen eta errefuxiatu eta migratzaileen alde egindako lana" goraipatu du fundazioak. Aipatzekoa da, haren ustez, Gannushkinak Errusiako "talde ezberdinen artean sustatu duen tolerantzia".

Egipton Mozn Hassan feministak egindako lana ere nabarmentzeko modukoa dela uste du epaimahaiak. Hassan buru duen Nazra gai feministak ikertzeko erakundeak "berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde" egindakoa aipatu du saria banatzen duen fundazioak.

Turkiako egunkaririk zaharrenak, Cumhuriyet-ek, ikerketa kazetaritza "beldurrik gabe" egin izana txalotu du Right Livelihood Awardek. "Zapalkuntzari, zentsurari, kartzelari eta heriotza mehatxuei aurre eginez adierazpen askatasuna defendatu du", nabarmendu du.

Munduko erakunde eta gizabanakoek egindako lan soziala saritzen du urtero Nobel Alternatiboak. Jakob von Uexkull idazle eta eurodiputatu ohiak sortu zituen sariok, 1980an.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Turkia Siria gaur