Gizartea -

Gipuzkoa

9 hileko zigorra emazte ohia jo eta korderik gabe uzteagatik, Lasarten

Gainera, erasoa bien semearen aurrean egin zuen. Erasotzailea ezingo da biktimarengana hurbildu, ezta harekin hitz egin ere, datozen hiru urteetan.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra jaso du gizonezko batek emazte ohiari tratu txarrak emateagatik, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Erasotzaileak hormaren aurka bultzatu zuen emakumea eta, ondorioz, konortea galdu zuen eta, errekuperatutakoan, berriz ere eraso egin zion.

Auziaren epaiaren arabera, gertaera urtarrilaren 23an jazo zen, emakumezkoaren etxebizitzan. Hiru urtez bananduta egon ostean, senar ohia afaltzera gonbidatu zuen, bien seme-alabekin batera.

Ebazpenak dioenez, 23:15 aldera, eztabaida hasi zuten, emakumeak ez zizkiolako bere autoaren giltzak utzi nahi izan.

Orduan, zigortutako gizonak etxetik alde egin zuen, baina handik gutxira bueltatu zen eta eztabaida berriz hasi zuen "oihu handiekin, zaratak eta kolpeekin". Ondoren, biktima besoetatik eta iletik heldu eta "hormaren aurka bultzatu zuen", seme nagusia aurrean zegoela.

Horren ondorioz, emakumeak "konortea galdu zuen aldi batean", geroago altxatzea lortu zuen eta, orduantxe, senarrak berriz ere jo zuen, lurrera botata.

Hala, erasoan, biktimak zauria izan zuen ezpainean, bi ubeldura ukondo batean, beste bat esku batean, eta hainbat kolpe eta zauri.

Epaiak dio egindakoa tratu txarren delitua dela, horregatik, bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio gizonari, eta harekin hitz egiteko eta harengana hurbiltzeko debekua, datozen hiru urteetarako.

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak bideoak Epaiketak bideoak Lasarte-Oria Eguneko albisteak