Gizartea -
Genero indarkeria
Elkarretaratzea egin dute Galdakaon, sexu-eraso bat salatzeko
Ertzaintza lau gazte identifikatu nahian dabil, neska gazte bati ukituak egiteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Galdakaoko bizilagunak eta Udalak elkarretaratzea egin dute igande arratsaldean, txosnen gunean, goizaldean emakume baten aurka egindako sexu-erasoa salatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 05:00ak aldera gizonezko talde batek ukituak egin zizkiola salatu zuen neska gazte batek. Hori dela-eta, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eraso horren ustezko egileak (lau gazte) identifikatzeko asmoz.
Ostiraletik, jaietan daude Galdakaon, eta herrian sexu-erasoa izan dela salatu ondoren, Udalak bat egin du Momoak kolektiboak deituta 20:00etan egin duten elkarretaratzearekin.
Elkarretaratzean, Ibon Uribe alkateak eta udalbatzako hainbat kidek parte hartu dute, ehunka herritarrekin batera. Uribek bertan adierazi duenez, "gizarteak inoiz baino elkartuago egon behar du horrelako gertaeren aurrean".
_______________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.