Gizartea -

'Askatasunaren ontzidia'

Israelek atxikitako ekintzaile espainiarrak Bartzelonara heldu dira

Ekintzaileak Gobernu zentralaren kontrako neurri legalak hartzeko aukera aztertzen ari dira, laguntza eman ez izanagatik. Bestalde, ontzidiko antolatzailea atxilotu du Israelek Zisjordanian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Arau eta Manuel Tapial ekintzaileak eta David Segarra kazetaria heroi gisa hartu dituzte gaur senideek eta lagunek Bartzelonara heldu direnean. Ekintzaileek ''Askatasunaren ontzidia''n parte hartu zuten. Israelgo Armadak ontzidiari eraso egin zion eta 9 lagun hil zituen.

Hiru gazteak arratsaldean heldu dira, Istanbulen (Turkia) hildakoen hileta-elizkizunetan parte hartu ostean. Ekintzaileek senideak eta lagunak besarkatu ahal izan dituzte El Prateko aireportuan. Dozenaka lagunek Palestinako banderekin eta kartelekin hartu dituzte.

Ekintzaileeketa kazetariak 17:25 aldera lur hartu dute eta ezin izan diote emozioari eutsi senideak aurkitu dituztenean.

Heroi gisa

Ongietorrian Palestinaren aldeko leloak errepikatu dituzte ekintzaileen adiskideek, eta Israelen kontrako oihuak bota dituzte, "Israel, Palestinako herriaren hiltzailea" esaterako.

Besteak beste, David Espinar Manuel Tapialen aita bertan zen. Era berean, Haydee Santamaria Kultura, Bakea eta Elkartasuna elkarteko presidentea da Espinar. Hegaldiak lur hartu baino lehenago, Mavi Marvara ontzia Gazara bidean atera zenetik lorik apenas egin ez duela onartu du Espinarrek, bere semea bertan zihoalako.

"Europa ez da existitu, NATO izan da guztien askapena lortu duena", adierazi du Espinarrek. EBren diplomaziak izandako eraginkortasun eskasa deitoratu eta komunikabideek emandako babesa eskertu du Tapialen aitak.

Gobernu zentralaren aurkako neurri legalak

Ontzidia eraso baino egun bat lehenago Gobernu zentralari laguntza eskatu zioten, baina Madrilgo Exekutiboak ez zuen erantzunik eman. Orain ekintzaileak Gobernuaren kontrako neurri legalak hartzeko aukera aztertzen ari dira.

Israelen aurrean bitartekotza egiteko eskatu zioten Espainiako Gobernuari, Tapialek gogorarazi duenez, "sarraski bat ekiditeko", baina Exekutiboak ez zuen ekin.

Ontzidiaren antolatzailea atxilotu dute

''Askatasunaren Ontzidi''ko antolatzailea atxilotu dute Israelgo segurtasun indarrek Bil''in-en, Ramalako (Zisjordania) hiritik gertu. Atxiloketa manifestaldi batean egin dute.

Huwaida Arraf palestinarra ontzidiaren barkuetako batean zihoan.

Maan Palestinako albiste-agentziak aipatutako lekukoek azaldu dutenez, protestetan beste manifestari palestinar bat eta israeldar bat atxilotu dituzte. Bestalde, hiru atzerritar atxilotu dituztela esatera mugatu da Israelgo Polizia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea