Gizartea -
Sutea
10 moto erre dira Donostian izandako sute batean
Groseko Jose Maria Soroa kalean izan da sutea. Apiriletik, 40 moto baino gehiago erre dituzte Gipuzkoako hiriburuan.
EITB.EUS
10 moto erre dira goizaldean Donostiako Jose Maria Soroa kalean izandako sutean.
SOS Deiak larrialdi zerbitzuek goizaldeko laurak aldera jaso dute abisua, eta suak Jose Maria Soroa kalean eta Euskal Herria plazan aparkatuta zeuden 10 moto erre ditu guztira. Bertaratu diren larrialdi zerbitzuetako kideek itzali dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, suak ez du kalterik eragin inguruko etxeetan.
Apirilaz geroztik, 40 moto baino gehiago erre dituzte Gipuzkoako hiriburuan, Gros auzoan eta inguru bertsuan gehienak. Goizaldeko sutea uztailean eragindako beste sutea izan zen aparkaleku berean izan da. Abuztuan, berriz, Jose Maria Soroa eta Marino Tabuyo kaleen arteko bidegurutzean izan zen.
Pertsona bat baino gehiagoren kontua dela uste du Donostiako Udalak
Eneko Goia Donostiako alkateak gaur kazetarien aurrean adierazi duenez, motoen erretzea pertsona bat baino gehiagoren kontua dela pentsatzeko zantzuak daude. Dena den, antolatutako talde baten edo gaizkile talde baten hipotesia baztertu du.
Donostiako Udala gaiarekin kezkatuta dago eta, "gaiari lehentasuna emateaz gain", zaintza areagotu du egilea edota egileak identifikatu eta atxilotzeko.