Gizartea -
Polizia-operazioa
Gipuzkoan eta Nafarroan lapurretak egin dituen banda bat, deseginda
Gutxienez, 12 etxetan sartu dira lapurrak, Estatu mailan. Albaniarrak ziren eta espezializatuta zeuden lapurretak egiteko etxeetako bizilagunak barruan zeudela.
Agentziak | Erredakzioa
Etxe-lapurrek osatutako banda ibiltari bat desegin du Poliziak. Gutxienez 12 lapurreta ditu eginak, horietako batzuk Gipuzkoan eta Nafarroan; halaber, Madrilen, Pontevedran eta Nafarroan ere sartu izan dira etxe batzuetan. Atxilotuak albaniarrak dira, eta espezializatuta zeuden lapurretak egiteko etxeetako bizilagunak barruan zeudela; gainera, ohitura zuten sare sozialetan erakusteko euren poza, lapurretak eginda, eta harrapakina ere. Norbaitek atzematen bazituen, lapurrak biolentziaz baliatzen ziren.
Taldeak bi zelula zituen, eta biek Valentzian zuten oinarria. Bata Estatuko iparraldean aritzen zen, eta bestea hiriburuan. Lortutako mozkinekin, prostituzioan, drogetan eta alkoholetan dituzten gastuak finantzatzen zituzten. Gainera, atxilotuek sare sozialetan partekatzen zituzten lapurretan lortutako emaitzak: agertzen ziren lapurretak ospatzen, topa egiten, dantzan edo dirua airera botatzen.
Banda oso aktiboa zen, eta malgutasun handia zuen mugitzeko. Normalean, familia bakarreko etxeetan egin izan dituzte lapurretak, eta ia kasu guztietan bizilagunak barruan izan dira.
Lehen ikerketak, Valentzian
Lehen ikerketen bidez, Valentzian albaniar bat topatu zuten, zeinak kolaborazioak egiten zituen Espainiara joaten ziren indarra erabiltzen zuten lapur herrikideek osatutako taldeekin.
Agenteek taldeko gainerako kideak identifikatu zituzten, bai eta zein ibilgailu erabiltzen zituzten lapurretak egiteko.
Lehen fasean, Poliziak zelula bat desegin zuen; hain zuzen, Penintsulako iparraldera zen joana, xede izanik lapurreta-kanpaina abiatzea.
Antza, hilabete baterako alokairuak egiten zituzten, eta segurtasun-etxe horietatik jomuga zituzten etxeetara joaten ziren.
Pisuetan zazpi-hamar egun eman ostean, Valentziara joaten ziren, eta bertan harrapakina beste talde kriminal bati ematen zioten; jatorria mazedoniar-kroaziarra zuen azken talde horrek. Lehen fasearen amaieran, bi lagun atxilotu zituzten Iruñean, eta beste bi Valentzian.
Gainera, egin berri zuten lapurretako batean hartutakoa konfiskatu zieten; hain zuzen, Eguesen (Nafarroa) zuten egina lapurreta hori.
Beste zelula bat, Madrilen
Operazioaren bigarren fasean, agenteek beste zelula desegin dute. Madrilen egiten zituen lapurretak, eta perutar baten laguntza zuten; azken horrek logistika-lana egiten zuen, eta atxilotuta dago, dagoeneko.
Hala, taldeko kideentzako alokairua bilatzen zuen, bai eta ibilgailuak, lapurretak egiteko etxerik onenak ere; halaber, lapurtutakoa merkatu beltzean saltzeaz ere arduratzen zen.
Bandak segurtasun-neurri handiak hartzen zituen, eta, batzuetan, ausarkeriaz ere gidatzen zuten kideek, polizia saihesteko.
Iruñean eta Valentzian egindako miaketetan, Poliziak komunikazio-ekipoak konfiskatu ditu, linternak, eta ekintzena erabilitako beste hainbat gauza ere; zehaztapen-baskula bat, bitxigintza-pieza asko eta lehen marketako erlojuak, eta eskudirua.