Gizartea -
Gertakaria
Urtebeteko haur bat hil da Barakaldon, balkoi batetik behera erorita
Ezbeharra Ekonomia kalean jazo da. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko.
EITB.EUS
18 hilabeteko haur bat hil da gaur goizean Barakaldon, hirugarren solairuko balkoi batetik behera erorita, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Tragedia Ekonomia kalean dagoen etxebizitza batean jazo da, 10:55 inguruan. Antza, ezbeharraren unean, ama etxetik kanpo zegoen eta umea aitaren zaintzapean zegoen. Ama ospitalera eraman dute, antsietate krisi batek jota.
Gertakariaren berri izan dutenean, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta anbulantzia bat bertaratu dira, baina, tamalez, umetxoa berehala hil da.
Ertzaintza eta Barakaldoko Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari dira. Ertzaintzaren ustez, istripua izan da.
Hilotza Bilboko Justizia Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute.
Barakaldoko Udalak doluminak eman dizkio familiari eta Udalaren bitartekoak haren esku jarriko dituela jakinarazi dio.
Mikel Antizar jarduneko alkatea eta Rakel Olalla Emakumearen Arloko zinegotzia ezbeharraren tokira joan dira umetxoaren senideei babesa helarazteko.
Bestalde, Amaia del Campo alkatea Udalarekin harremanetan izan da eta oposizioko talde politiko guztiei gertakariari buruzko xehetasunak eman dizkie telefonoz.