Gizartea -
Ustezko zorra
Atxilotua eskopetarekin ezagun bati tiro egin ondoren Irunen
Atxilotuak gutxienez bi tiro egin zituen. Biktima, lepoan zaurituta, Donostiako ospitalera eraman behar izan zuten. Erasotzailea Martuteneko espetxera bidali dute dagoeneko.
E. Lotina | eitb.eus
Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen iragan larunbat gauean, Irunen (Gipuzkoa), hilketa saiakera baten egilea zelakoan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ehiza eskopeta batekin gutxienez bi tiro egin zituen atxilotuak ezagun baten aurka. Antza denez, lehenago zor bat itzultzeko eskatu zion erasotzaileak biktimari.
Biktima Donostiako ospitalera eraman behar izan zuten. Atzo arratsaldean atxilotua epailearen aurrera eraman zuten, eta magistratuak Martuteneko espetxera bidali zuen.
Larunbatean, 22:00ak baino lehen, Lapitze inguruan su-arma batekin egindako tiroen berri eman zioten Ertzaintzari. Ertzainak berehala bertaratu ziren. Gizon bat lepoan zauriturik aurkitu eta anbulantzia bat eskatu zuten.
Arma Arretxe mendatean topatu zuten. Dirudienez, atxilotuak bertan ezkutatu zuen.