Gizartea -

SALAKETA

Beste bahiketa birtual kasu bat salatu dute Nafarroan

Oraingoan, Burlatako emakume batek jarri du salaketa. Horren arabera,  ezezagun batek deitu zion telefonoz, alaba bahituta zuela esanez, eta 5.000 euro eskatu zizkion.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste bahiketa birtual kasu bat salatu dute azken orduotan Nafarroan. Oraingoan, Burlatako emakume batek jarri du salaketa, astelehenean Iruñeko emakume batek jarritakoaren oso antzekoa.

Burlatako emakumeak jarritako salaketaren arabera, telefono zenbaki ezezagun batetik dei bat jaso zuen; emakumearen alaba bahituta zuela-eta, 5.000 euroko erreskatea eskatu zion telefono deia egin zuenak. Foruzaingoak jakinarazi duenez, lehen ikerketek argitu dute Txiletik egin zela deia.

Estortsio mota honen bidez, egin ez diren bahiketen truke dirua eskatzen zaio biktimari. Ia beti atzerritik egiten dira deiak.

Foru Poliziaren arabera, bigarren salaketa hau astelehenean jaso zuten, eta ikerketa abian da. Erreskatea ordaintzeko argibideak eman zizkioten emakumeari.

Opor sasoian halako delituen kopuruak gora egiten duela jakinarazi du Foruzaingoak, oporretan egonda, ustez bahituta dagoen pertsona lokalizatzea zailagoa izaten delako.

Antzeko deiak jasoz gero, deiaren inguruan ahalik eta datu gehienak apuntatu eta berehala salaketa jartzeko gomendatu du Poliziak. Ustez bahituta dagoen pertsonarekin ere berehala harremanetan jartzeko aholkatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Albisteak Nafarroa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Burlata albisteak Albisteak