Gizartea -
'il picchiatore seriale'
Kartzelatu dute Italian atxilotutako 'serie-erasotzaile' donostiarra
Gazteari lesioak egitea leporatu diote. Milango Poliziak haren eraso baten bideoa publikatu du.
eitb.eus
Gutxienez 10 pertsonari arrazoirik gabe erasotzea egotzita joan den astean Milanen (Italia) atxilotu zuten 23 urteko gazte donostiarra kartzelatu egin du Livio Cristofano instrukzio-epaileak.
Hain zuzen ere, lesioak egitea leporatu diote, bi larrigarrirekin: erasotzeko arrazoirik ez izatea eta eraso egitea aldez aurretik pentsatuta izatea.
Italiako Poliziaren esanetan, erasoak AEBn knockout game izenarekin ezaguna den 'joko' baten baitan egin zituen gazteak. 'Joko' horretan, erasotzaileak pertsona bat konorte barik utzi behar du kolpe batez. Nolanahi ere, donostiarraren abokatuak ukatu egin du hori, eta gaztea "oso gatazkatsua" dela argudiatu du.
Eraso guztiak berdinak izan ziren: gaztea biktimei hurbiltzen zitzaien, eta, ingelesez, hainbat argibide eskatzen zien. Ondoren, bat-batean, kolpe bat ematen zien aurpegian.
Poliziaren aurrean, azalpen bakarra eman du gazteak: "ematen zizkidaten argibideak faltsuak ziren". Donostiarrak eskaera bitxia egin zien agenteei, gainera: "ez esan ezer nire gurasoei". Haren gurasoak, baina, Italiarako bidean daude jada, eta ez hori bakarrik: haren aurpegia herrialdeko hedabide nagusietan agertu da, auziak oihartzun handia izan baitu bertan.
Donostian ere egin ei zuen eraso
Bestalde, Donostiako Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, Gipuzkoako hiriburuan ere hainbat eraso jazo baitira.
Antza denez, gutxienez hiru biktimak identifikatu egin dute gazte donostiarra, hedabideetan haren argazkia ikusita.
Poliziak bideo bat publikatu du
Italiako Poliziak "hainbat zantzu" ditu gaztearen kontra, hala nola segurtasun kamerek grabatutako irudiak.
Horren ildotik, Segurtasun Indarrek bideo horietako bat publikatu dute. Irudietan, biktima bat ikus daiteke, gazte donostiarrarengandik ihesi. Biktima etxe baten atondora joan zen, babes bila, baina gazteak han ere egin zion eraso, beste pertsona batek geldiarazi zuen arte. Azkenean, erasotzaileak ihes egin zuen.
Poliziak 10 erasoren berri du, baina uste du gehiago izan litezkeela. Horregatik, salaketa jartzeko deia egin die balizko biktimei.