Gizartea -

Lapurreta

Bi neska atxilotu dituzte Donostian, bitxiak lapurtzea egotzita

Bitxi-dendan lapurreta egin eta gero ihes egitea lortu zuten bi gizonezkoren bila dago orain Ertzaintza.

EitB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi emakume, horietako bat adingabea, atxilotu dituzte Donostian, Alde Zaharreko denda batean bitxiak ostea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. Ebatzitako bitxiek - lau eskumuturreko, eraztun bat eta paparreko orratz bat -36.850 euro balio dute.

Iturrion arabera, lapurreta atzo 16:20 aldera jazo zen Donostiako Alde Zaharreko bitxi-denda batean. Lau pertsona sartu ziren bertara, bi neskato eta bi gizon, eta hainbat bitxiren inguruan galderak egin zizkioten saltzaileari. Une batean, gizonak eta saltzaileak erakusleihotik urrun zegoen bitxi bat begiratzen ari zirela, bi emakumeek hainbat produktu ebasteko baliatu zuten unea.

Handik gutxira dendatik irten ziren lauak. Orduan jabetu zen bitxi-dendaren jabea lau eskumuturreko, eraztun bat eta paparreko orratz bat falta zirela. Saltzailea kalera irten zen, eta ustezko lapurrak inguruan topatu zituen. Oinezko batzuen laguntzarekin, bi neskatoak atxikitzea lortu zuen. Bi gizonek ihes egitea lortu zuten.

Ertzaintzaren agenteak bertaratu zirenean, bi neskak identifikatu, eta adingabearen poltsan lapurtutako bitxiak topatu zituzten.

Biak atxilotzen ari zirela, inguruko arropa-denda bateko jabea atera zen, eta neskatoek zeramatzaten jantziak bezperan ebatsi zizkiotela salatu zuen.

19 eta 17 urteko emakumeak Ertzain-etxera eraman zituzten, gerora epailearen eta Adingabeko Fiskaltzaren esku uzteko. Ihes egitea lortu zuten gizonen bila ari da orain Ertzaintza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Ertzaintzaren albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea