Gizartea -

Laborategia

8 pertsona atxilotu eta 100 kilo droga atzeman dituzte Gipuzkoan

80 kilo speed, 20 kilo haxix eta beste substantzia batzuk ('kristala’ eta kokaina, tartean) atzeman ditu. Merkatuan milioi eta erdi euroko balioa izango zuen drogak.

100 kilo droga atzeman dituzte Gipuzkoan

1:30

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak agiri baten bidez jakitera eman duenez, Ertzaintzak droga-laborategi bat desegin du Hondarribian (Gipuzkoan). Zortzi pertsona atxilotu, eta 80 kilo speed, 20 kilo haxix eta beste substantzia batzuk (?kristala? eta kokaina, tartean) atzeman ditu. Merkatuan milioi eta erdi euroko balioa izango zuen drogak.

Atxilotutako zortzi pertsona horietatik zazpi espetxeratu dituzte, eta bestea aske geratu da, baina karguekin. Epaitegira joan beharko du 15 egunean behin.

Droga Herbehereetatik zetorren

Pertsona horiek Bidasoan eta Donostialdean finkatuta zegoen talde kriminala osatzen zuten. Ikerketen barruan, Ertzaintzak hamar etxebizitza miatu, zortzi ibilgailu hartu, marihuana-berotegi bat aurkitu eta esku-dirua atzeman ditu. Taldea Herbehereetatik zetorren drogaz hornitzen zen.

Sareak EAEn zein beste erkidego batzuetan banatzen zituen metanfetaminak eta beste substantzia batzuk.

Kideetako bat higiezinak (etxebizitzak eta garajeak) alokatzeaz arduratzen zen, eta beste bi kidek drogarekin nahasteko substantziak (kafeina eta lidokaina, esate baterako) eskuratzen zituzten. Madrilgo enpresa kimiko bat erabiltzen zuten horretarako.

Taldea zortzi pertsonak osatzen zuten; 34 eta 48 urte arteko zazpi gizonezkok eta emakumezko batek.

Laborategiak droga manipulatzeko beharrezkoak diren elementu guztiak zituen: ontziratzeko makinak, doitasun-balantzak, prentsa hidrauliko bat, eta droga nahasteko eta tratatzeko substantzia eta erreaktibo kimikoak.

Horrez gain, 42 telefono mugikor, billeteak zenbatzeko makina bat eta 7.000 euro eskudirutan atzeman dizkiete. Ertzaintzak Gipuzkoan azken urte eta erdian desegin duen bigarren laborategia da. Aurrekoa Irurako etxebizitza batean aurkitu zuten 2015eko apirilean, eta speed izenaz ezagutu ohi den droga egiteko erabiltzen zuten hura ere.

Irun eta Donostia

Atxiloketa horiek egin ondoren, dispositiboaren bigarren faseari ekin diote. Irunen eta Donostian beste bost pertsona atxilotu dituzte: lau gizonezko eta emakumezko bat.

Miatutako etxebizitzetako batean zegoen berotegi klandestino batean, berriz, 60 marihuana-landare aurkitu zituen Ertzaintzak.

Bestalde, beste hiru auto, autokarabana bat eta lau motozikleta, eta trafikatzaileek erabiltzen zituzten 100 telefono mugikor atzeman dituzte. Arlo ekonomikoari erreparatuta, agenteek 15.000 euro konfiskatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak Albisteak Gipuzkoa Hondarribia bideoak Irun argazkiak