Gizartea -
IRUN
Gizon bat atxilotu dute Irunen, kreditu-txartel bat klonatzeagatik
Ertzaintzak jakitera eman duenez, kamioilari baten kreditu-txarteleko datuak klonatu zituen ustezko iruzurgileak, eta Toulouseko gasolindegi batean 2.400 euro gastatu zituen klonatutako txartelarekin.
ERREDAKZIOA
39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, atzo, Ertzaintzak, Irunen, iruzur delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakitera eman duenez, kamioilari baten kreditu-txartela klonatu zuen ustezko iruzurgileak, eta Toulouseko (Frantzia) gasolindegi batean erabili zuen. "Zazpi ordainketa egin zituen klonatutako txartelarekin Toulouseko gasolindegian, eta 2.400 euro xahutu zituen", eman zuen jakitera Ertzaintzak.
Joan den asteartean gertatu zen iruzurra. Kamioilari batek hiru orduan zazpi ordainketa egin zituen gasolindegi batean, guztiak txartel berberarekin. Bi kamioi erabili zituen gasolina hartzeko.
Iruzurra pairatu zuen enpresak berehala jarri zuen salaketa, Toulouseko gasolindegian egindako ordainketak ikusita. Antza, kreditu-txartelaren jabea Toulousetik ehunka kilometrora zegoen eta soinean zeraman txartel originala.
Ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak, eta Toulouseko gasolindegian iruzurra egiteko erabilitako kamioietako bat Irungo logistika-enpresa batena zela baieztatu zuten.
Atxilotutako gizonezkoa gaur eramango dute epailearen aurrera, deklaratzera.