Gizartea -
Gastronomia
Maria Fernanda Di Giacobbek Basque Culinary World Prize irabazi du
Irabazleak 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen proiektu bati emateko, kontuan izanda proiektu horrek sukaldaritzaren botere eraldatzailea adierazi behar duela.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Fernanda Di Giacobbe, Venezuelako txokolatearen sustatzaile ospetsuena, izendatu dute astelehen honetan, hilak 11, 2016ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazle. Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako sari horrek ekimen eraldatzaileak bultzatzen dituzten chefak aitortzen ditu.
Erabakia astelehen honetan jakinarazi dute Balentziaga Museoan, Getarian, joan den igandean, uztailaren 10ean, munduko chefik garrantzitsuenetako batzuek eta elikagaien alorrari lotutako adituek osatutako epaimahaia bildu eta gero.
Epaimahaiak adierazi duenez, Di Giacobbek hezkuntza, trebakuntza, ekintzailetza, ikerkuntza eta garapena sustatzen dituen proiektua sortu du kakao kreolea ekoizten duten komunitateetan, horixe baita euren kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturria.
Gainera, Venezuelako egoera politikoa zaila bada ere, egoera ekonomiko estuan dauden emakumeei aukerak eskaintzen dizkie; izan ere, emakume horiek trebatu eta txokolatearen enpresari txikiak bihurtzen ditu.
Halaber, Joan Roca epaimahaiko presidenteak adierazi duenez, honakoa, “testuinguru zail batean gastronomiak izan dezakeen boterea islatzen duen adibide eredugarria” izan daiteke.
Otsaila eta apirila bitartean, 30 herrialde inguruko 110 hautagaitik gora izendatu dituzte Basque Culinary World Prizerako, eta 20 finalista izendatu ondoren, epaimahaiak sariduna aukeratu behar izan du.
Horrenbestez, Di Giacobbek 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen proiektu bati emateko, kontuan izanda proiektu horrek sukaldaritzaren botere eraldatzailea adierazi behar duela.
Basque Culinary World Prize saria 2016ko otsailean jarri zen abian, gastronomia indar eraldatzailea bihur daitekeela frogatzen dituzten adibideak aitortu eta bikaintasun-bokazioa duten ekintzaileen lana azpimarratzeko helburuarekin: jende berritzaile eta sortzailea, ekinekoa, joera nagusiez at ibiltzen eta arriskuak hartzen ere badakiena; baina, batez ere, gizartearekin konprometituta dauden pertsonak.
Epaimahaia ospe handiko hainbat chefek osatu dute, besteak beste, Ferran Adrià (Espainia), Dominique Crenn (Estatu Batuak), Heston Blumenthal (Erresuma Batua), Massimo Bottura (Italia), eta Yoshihiro Narisawa (Japonia).