Gizartea -
Usurbil eta Ordizia
Equoren salaketa, 'Gorriti eta bere animaliak' ikuskizunaren aurka
Alderdi ekologistak gogorarazi du Nazio Batuen Erakundea "adingabeei zezenketekin lotutako jaietan parte hartzea debekatzearen alde" agertu zela.
agentziak | erredakzioa
Equo alderdi ekologistak salaketa administratiboa aurkeztu du Gipuzkoako Aldundian 'Gorriti eta bere animaliak' haur-ikuskizunaren kontra, aipatu izeneko enpresak Usurbilen eta Ordizian egin behar dituen ekintzen harira.
Equok Gipuzkoan horrelako ikuskizunen aurka jarri duen bigarren salaketa da; izan ere, duela hilabete bat Ingurugiro Fiskaltzaren eta Jaurlaritzaren aurrean aurkeztu zuen beste bat Zestoako Arroa Behea auzoan egin zen oilar-auskaren kontra.
Equok prentsa-ohar batean azaldu duenez, Aldundiari eskatu dio argi dezala Gorritik "udal eta foru baimen guztiak, eta adingabeen segurtasunerako bermeak" betetzen ote dituen.
Alderdi ekologistak azaldu duenez, "Euskadiko, Errioxako eta Nafarroako herrietan" egiten duten ikuskizun horretan "oso txekor txikiekin egiten duten sokamuturra, txerrikumearen harrapaketa eta oilar-auska egiten dute".
"Azken horien kasuan, behin eta berriz elkar jotzera bultzatzen dituzte; gero, horietako bat hartu eta bestea toreatzeko kapote gisa erabiltzen dute", gaineratu du.
Haurrentzako sokamuturrari dagokionez, alderdi ekologistak gogorarazi du Nazio Batuen Erakundea "adingabeei zezenketekin lotutako jaietan parte hartzea debekatzearen alde" agertu zela.
"Duela 40 urte, aipatu enpresa ikuskizunarekin hasi zenean, ez zegoen animaliak babesteko araudirik, baina gaur egun, bai", adierazi du Equok. Hori dela eta, Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei "esku har eta legea betearaz dezatela" eskatu die.