Gizartea -
Ikerketa
OCUk 523 arau-hauste detektatu dituzte taxien 193 ibilbidetan
Tarifen inguruan informazio eza eta ibilbideen luzapena dira taxistek egiten ohi dituzten abusuak, batez ere Bilbon, Madrilen edo Sevillan.
Erredakzioa
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) egindako ikerketa batean 523 arau-hauste detektatu dituzte taxien 193 ibilbidetan, batez ere, tarifen informazio eta ibilgailua identifikatzeko datu gabezia edo justifikaziorik gabeko ibilbideen luzapena.
Taxisten abusuak sarriago gertatzen dira Bilbon, Madrilen edo Sevillan.
Ikerketan 193 ibilbide aztertu dituzte Alicanten, Bartzelonan, Bilbon, A Coruñan, Madrilen, Malagan, Oviedon, Palma de Mallorcan, Tenerifen, Santanderren, Sevillan, Valentzian eta Zaragozan.
OCUren arabera, arau-hauste kopurua ez da hobetu 2001. urtean egindako ikerketarekin parekatuta.
Erakundeak konprobau duenez, taxi gehienetan taximetroa begi-bistan dago, baina taxien % 24an tarifa ez dago ikusgai.
Lizentzia munizipalaren zenbakiaren, matrikula zenbakiaren eta gidabaimenaren inguruan, OCUk 146 arau-hauste aurkitu ditu. Datu horiek beharrezkoak dira erabiltzaileak erreklamaziorik egin nahi badu.
Ibilbideen % 11n taxistek justifikaziorik gabeko bira bat ematen dute tarifa garestiagoa izan dadin.
Erakundeak gogoratu duenez, bidaiariak aukeratu behar du ibilbidea eta instrukziorik ez badago, gidariak biderik laburrena distantzian edo denboran aukeratu behar du.
Ikerketaren arabera, tarifak txarto ezartzen dira eta 23 alditan bidezkoak ez diren tarifak eskatu dituzte.
Erakundearen arabera, oso zaila da erreklamatzea, erabiltzaileek ez baitituzte ia inoiz fakturak osorik jasotzen. (Ikerketan jasotako 193 fakturatik 23 bakarrik ziren zuzenak).