Gizartea -
LEP
141 lanpostuko Lan Eskaintza Publiko berria iragarri du EHUk
Horietatik, 44 lanpostu administrazio eta zerbitzuetako langileei zuzenduta egongo dira, eta, gainontzekoak, irakasle-ikertzaileentzako lanpostuak izango dira.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 141 lanpostuko Lan Eskaintza Publiko (LEP) berria onartu du ostegun honetan, uztailaren 7an. Horietatik, 44 lanpostu administrazio eta zerbitzuetako langileei zuzenduta egongo dira, eta, gainontzeko 97ak, irakasle-ikertzaileentzako lanpostuak izango dira.
Proposamena Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu du, eta, guztira, 141 lanpostu esleituko dira: 15 ikertzaile-doktore iraunkor, 51 irakasle agregatu, 28 irakasle titular, irakasletza osoko 3 eta 44 administrazio eta zerbitzuetako langileentzako.
Era berean, EHUko Gobernu Kontseiluak 2015 urteari dagozkion kontuak onartu ditu, bai aurrekontu emaitza eta baita ondare ekonomikoari dagokionak ere.
Halaber, Lore Bilbao EHUko gerenteak esan duenez, 2015 urteari dagokion aurrekontua “arduratsua eta neurrikoa” izan da, gaur egungo egoera ekonomikoari lotuta.