Gizartea -

Erietxea, martxan

Urdulizko Ospitalea, Uribe Kostako eta Mungialdeko bizilagunen eskura

Kanpo kontsultak eta erradiologia zerbitzuarekin zabaldu dute. Gaur 100 gaixo artatuko dituzte.

Ospitalea, kanpotik. EiTB
Martxan da Urdulizko Ospitalea

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zabalik dago jada Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea. Osakidetzaren erietxe berria uztailaren 1ean inauguratu zuten, baina gaur arte ez da martxan jarri. Ostegun honetan 100 bat paziente artatuko dituzte lanean dauden kanpo kontsultetan eta erradiologia zerbitzuan.

Izan ere, zerbitzu gutxi batzuekin abiatu da ospitalea. Asmoa 2017an Uribe Kostako eta Mungialdeko 175.000 pertsona artatzea da.

Ostegun honetan 100 bat pazientek dute hitzordua kanpo kontsultetan edo erradiologia zerbitzuan. Aurreikuspen arabera, datozen sei hilabeteetan 23.500 eta 26.000 pertsona hartuko dituzte bi zerbitzuotan, hurrenez hurren.

Kanpo kontsultei dagokionez, kardiologia, erreumatologia, oftalmologia, neurologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta urologia espezializazioekin abiatu dute.

Erradiologia zerbitzua, bestalde, erresonantzia magnetiko nuklearrarekin (EMN) hornitu dute, beste hainbat gailurekin batera.

2017rako, zerbitzu guztiak eskura

Eskainitako zerbitzu kopurua handitzen joango da, apurka-apurka, eta espero da 2017rako martxa betean egotea. 38.000 metro koadroko azaleran kontsultak, larrialdiak, eguneko erietxea eta ebakuntza-gelak paratu dituzte.

Osakidetzaren aurreikuspenen arabera, urtero 175.000 kontsulta eta 74.000 larrialdi artatuko dituzte. Eguneko ospitaleak urtero 4.000 gaixo hartzeko ahalmena du, eta 2017an zehar 8.000 ebakuntza eta 12.700 ospitaleratze espero dituzte.

Herritarrek erietxea hobeto ezagut dezaten uztailean zehar gidatutako bisitak egin ahalko dira. Telefonoz hartu daiteke hitzordua.

Sindikatuek salatu dutenez, bestalde, garbiketa eta sukalde lanak "pribatizatu" ditu Osakidetzak, Mahaian halakorik egingo ez zuela hitz eman zuen arren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaiko albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Urduliz azken ordukoa