Gizartea -

Hegaldiak bertan behera

Vuelingek akatsak onartu ditu eta Frantziako grebari egotzi dio kaosa

Hainbat hegaldi bertan behera gelditu izana eta beste ehunka atzeratzea Frantziako aire kontrolatzaileek egindako grebari egotzi dizkio. Enpresa batzordeak arazo lehendik zetorrela esan du, ordea.

 

Antza, egoera lasaiagoa da gaur Bartzelonako El Prat aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE
Antza, egoera lasaiagoa da gaur Bartzelonako El Prat aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE
Zer eskubide dituzte Vuelingeko bidaiariek?

1:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan Vueling konpainiaren dozenaka hegaldi bertan behera geratu eta ehunka atzeratu izana hegazkin konpainiaren plangintza faltari eta ekainaren 28an Frantziako aire kontrolatzaileek egindako grebari egotzi die David García Blancas Vuelingeko zuzendari komertzialak.

Vuelingen kaosak milaka bidaiariri eragin die -Bartzelonako El Prat aireportuko bidaiariak gehienak-. Garcia Blancas TV3 Kataluniako telebista kate publikoari egindako adierazpenetan azaldu duenez, konpainiak ez zituen ekainaren 28ko Frantziako grebak izango zituen ondorioak kalkulatu eta, ondorioz, 56 hegaldi bertan behera utzi zituen.

Hortik aurrera konpainia ez zen bidaiariak beste hegaldi batzuetan birkokatzeko eta aldi berean bere ohiko operatiboa mantentzeko gai izan. Halaber, egoera horri udako oporraldien irteera operazioa batu zitzaion. "Elurrezko bola handituz joan zen", esan du Vuelingeko kideak. Dena den, ukatu egin du konpainiak kudeatu ahal zituen baino bidaia txartel gehiago saldu dituenik.

Intzidentziak gutxitu eta normaltasuna berreskuratzeko asmoz, Vuelingek sei hegazkin berri alokatu eta 32 pilotu kontratatu ditu. Halaber, bezeroen arretarako zerbitzua indartzeko 130 langile hartu ditu.

David Garciaren hitzetan, "gure helburua pixkanaka-pixkanaka puntualtasunean hobetzea eta bertan behera utzitako hegaldien kopurua gutxitzea da". "Gure esku dauden baliabide guztiak jarri ditugu hau konpontzeko. Erantzunak aurkitzeko lanean ari gara", nabarmendu du.

Vuelingek kaosa plangintza akatsei eta grebari egotzi badie ere, enpresa batzordeak azpimarratu du arazoak lehendik zetozela eta horrelako egoera bat gertatuko zela aurreikusten zutela. Ildo horretan, hegazkin konpainiak izandako hazkunde "neurrigabeari" egotzi die Juan Valdes enpresa batzordeko presidenteak eta Guadalupe Romero Vuelingeko kabinako hegazkin laguntzaileen sindikatuko buruak gertaturikoa.

Bestalde, gaur egoera lasaiagoa izaten ari da El Prateko aireportuan. Goizean, irteera edo helmuga Zurich eta Malaga zituzten bi hegaldi utzi ditu bertan behera Vueling konpainiak. Bestalde, arratsaldean Bartzelonatik Bruselara joatekoa zen hegaldia ere bertan behera geldituko dela berri eman du AENAk.

Bilerak Generalitatearekin eta Espainiako Gobernuarekin

Espainiako Gobernuak urgentziazko bilera batera deitu du astelehen honetan aire konpainiaren zuzendaritza. Generalitateak ere beste batzar bat egingo du Vuelingekin azalpenak eskatu eta berehalako konponbideak galdegiteko.

Alde batetik, Abiazio Zibilak bilera batera deitu du gaur Javier Sanchez-Prieto Vuelingeko presidentea. Erakundeak ohar batean adierazi duenez, "gertatutakoaren azalpenak eta egoera bere onera ekartzeko egitasmoa" jaso nahi du konpainiaren arduradunaren ahotik.

Bestetik, konpainiaren azalpenak entzun nahi ditu Generalitateak, eta horretarako, bilera deitu du gaurko, 17:00etan hasita.

Generalitateak atzo kaleratutako ohar batean nabarmendu duenez, "jarrera aldaketa" eskatuko dio aire konpainiari. Gobernuko hainbat kontseilari eta Kataluniako Kontsumo Agentziako zuzendaria izango dira bileran.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportuko Albisteak Katalunia Bilboko albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Bartzelona albisteak Espainiako Gobernua bideoak Gizartea albisteak Ekonomia berriak Albisteak