Gizartea -
Kaosa hegaldietan
Sustapen Ministerioak espedientea zabaldu dio Vuelingi
Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak bilera bana deitu dute gaur hegazkin konpainiarekin. Generalitatea isunak ezarri ala ez aztertzen ari da.
AGentziak | Erredakzioa
Azken egun eta orduetan dozenaka hegaldi bertan behera geratu eta ehunka atzeratu dituztela eta, espedientea zabaldu dio Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak Vueling hegazkin konpainiari. Arazoek aireportu askotan izan dute eragina, baina batez ere Bartzelonako El Prat aireportuan izan da traba.
Espedientea zabaltzeaz gain, Espainiako Gobernuak urgentziazko bilera batera deitu du astelehen honetan aire konpainiaren zuzendaritza. Generalitateak ere beste batzar bat egingo du Vuelingekin azalpenak eskatu eta berehalako konponbideak galdegiteko.
Sustapen Ministerioaren menpe dagoen Aire Segurtasuneko Espainiako Agentziak zabaldu du espedientea, eta aire konpainiaren kaos operatiboa "zerk eragin duen" argitzea du helburu.
Bestalde, Abiazio Zibilak bilera batera deitu du gaur Javier Sanchez-Prieto Vuelingeko presidentea. Erakundeak ohar batean adierazi duenez, "gertatutakoaren azalpenak eta egoera bere onera ekartzeko egitasmoa" jaso nahi du konpainiaren arduradunaren ahotik.
Udako irteera operazioa bete-betean zegoenean iritsi dira Vuelingen arazoak. Milaka lagun geratu dira hegazkina hartu ezinda edo hegaldian atzerapen handia pairatuta.
Urgentziako bilera Generalitatearekin
Kataluniako Gobernua ere isunak ezartzea aztertzen ari da. Aurrena, baina, konpainiaren azalpenak entzun nahi ditu, eta horretarako, bilera deitu du gaurko, 17:00etan hasita.
Generalitateak atzo kaleratutako ohar batean nabarmendu duenez, "jarrera aldaketa" eskatuko dio aire konpainiari. Gobernuko hainbat kontseilari eta Kataluniako Kontsumo Agentziako zuzendaria izango dira bileran.
Horrez gain, azken erakunde honetako teknikariak El Prat aireportuan izango dira gaur kaltedunekin hitz egiteko.
Kataluniako Kontsumo Agentziak errekerimendu bana helarazi dio Vuelingi eta Aenari, eta Generalitatea isunak ezarri ala ez aztertzen ari da.
David Garcia Blancas Vuelingeko zuzendari komertzialak barkamena eskatu zuen atzo, eta egoera "apurka-apurka bere onera" etortzen ari zela nabarmendu.
Atzerapenak eta bertan behera geratutako hegaldiak
Igandean ez bezala, atzerapenik gabe abiatu dira Vuelingen lehen bi hegaldiak Loiuko aireportutik: bata Mallorcara bidean, eta bestea, Bartzelonara. Dena dela, Berlin helmuga zuen VY3961 hegaldia 35 minutuko atzerapenarekin atera da Bilbotik. Konpainiaren webgunean kontsulta dezakezu zure hegaldia.