Gizartea -
175.000 lagun artatuko ditu
Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea inauguratu dute
Uztailaren 7an kanpoko kontsultak eta erradiologia saila martxan jarriko dituzte eta, hurrengo sei hilabeteetan, zerbitzuak zabaldu. Sindikatuek bestelako zerbitzuak ez azpikontratatzea eskatu dute.
agentziak | erredakzioa
EAE da aurten ospitale publiko bat inauguratu duen Estatuko erkidego bakarra, alegia, Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea. Hala adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak inaugurazio ekitaldian eta, gaineratu duenez, horrek erakusten du Eusko Jaurlaritzaren "apustuaren irmotasuna -Osakidetzaren- zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa egunez egun hobetzeko eta sendotzeko".
Urkulluk inauguratu du Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea; Jon Darpon Osasun sailburua; Ricardo Gatzagaetxeberria Ogasunekoa; Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera. Gainera, 150 gonbidatu izan dira, hainbat erakundeetatik eta gizartearen bestelako eremuetatik etorritakoak, esaterako, Alfredo Espinosa Agirre lehendakariaren lehen Osasun sailburuaren senideak. Espinosak politika aitzindariak egin zituen osasun arloan, baina fusilatu egin zuen armada frankistak 1937ko ekainean.
Urdulizko Opsitalea egiteko 60 milioi euroko inbertsioa egin behar izan dute eta, urtero, 45 milioi beharko ditu martxan egoteko. Uribeko eta Mungialde eskualdeetako 175.000 bizilagun artatuko ditu. Era berean, kalkulatu dutenez, kanpo kontsultek 23.000 paziente baino gehiago artatuko dituzte, eta 26.000 erradiologia zerbitzuan.
Urkulluren esanetan, Urdulizko Ospitale berria "jaurlaritzen apustua eta jarraitasun, euskal osasun zerbitzu publikoaren aldekoa, adierazlea da". Gainera, azken 32 urteetan inauguratutako horren neurriko zentro bakarra da, hain zuzen, Galdakaoko Ospitalea inauguratu zutenetik.
Gainera, Jaurlaritzak legealdi honetan egindako "inbertsiorik handiena" da Urdulizko Ospitalea. "Egungo egoeran, 153 milioi euro inbertitu ditugu lau urtetan, euskal gizartearen inbertsioa azpiegitura eta lehen mailako instalazioetan".
Zerbitzuak ez azpikontratatzea eskatu dute
Bestalde, Urdulizko Ospitalearen ingauruazioa egiten zuten bitartean, sindikatuetako berrogeita hamar bat ordezkarik elkarretaratzea egin dute kanpoaldean osasunarekin zerikusia ez duten zerbitzuak azpikontratatu ez ditzaten.
Gainera, Uribe Ospitalea plataformako kideek ere bilkura egin dute eta sarbide egokiak eskatu dituzte, garraiobide publikoa hobetzea eta Udalak egindako 5 milioiko inbertsioa, aparkaleku bat egiteko, Jaurlaritzak ordain dezala.
"Zerbitzuak ez berrantolatu"
EH Bilduk eskatu dio Osasun Sailari murrizketarik eta pribatizaziorik egin ez dezatela "zerbitzuen berrantolaketaren aitzakiarekin".