Gizartea -
Lan istripua
Hil egin da Urnietako lan istripuan zauritu zen langilea
Gizonezkoa 6-8 metrotik erori zen, Esnelat konpainian mantentze lanak egiten ari zela. Asteon bi langile hil dira Euskal Herrian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo Urnietako (Gipuzkoa) Esnelat konpainian larri zauritu zen 25 urteko langilea hil egin da ostiral honetan, Donostia Ospitaletik baieztatu dutenez. Gaztea 6-8 metrotik erori zen, mantentze lanak egiten ari zela.
Horrenbestez, astebetean bi behargin hil dira Euskal Herrian; izan ere, joan den asteartean langile bat hil zen Erandion, Lidl enpresa alemaniarraren supermerkatu baten berritze lanetan ari zela.
LAB sindikatuak azaldu duenez, gaur biktimaren lankideek elkarretaratzea egin dute Urnietako fabrikaren aurrean, gertatutako salatzeko. Ordu batzuk geroago hildako beharginaren senideak eta Erratzuko industria-guneko beste enpresa batzuetako langileak ere bertan izan dira.
Haritz Ayestaran langile-batzordeko presidenteak adierazi du 25 urteko langileak bi urte zeramatzala enpresa horretan lanean, “aldi baterako kontratuekin”.