Gizartea -
Aire-garraioa
Aireko konektibitateari buruzko ‘Routes’ topaketa Euskadin izango da
Eusko Jaurlaritzak adierazi du Euskadirentzat aukera bikoitza dela eta nazioarteko topaketak onura ekonomikoak ekarriko dituela.
Agentziak | Erredakzioa
Europako aireko konektibitateari buruzko ‘Routes’ topaketaren egoitza ofiziala Euskadi izango da 2018an, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez. Ekitaldia Barakaldoko BEC erakustazokan izango da, eta beste bi lurraldeetan ere jarduerak egingo dira.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Basque Country Routes 2018k “Euskadiren kokapena hobetuko du nazioartean” eta “onura ekonomikoak ekarriko ditu”.
Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak nabarmendu du Euskadirentzako “aukera bikoitza” dela, turismoari eta garraioari mesede egiten baitie.
2018ko Basque Country Routesera sektoreko 1.200 profesional inguru etorriko dira: 110 aire-linea, 300 aireportu, garraio- eta turismo-agintaritzak, guztiak maila goreneko txostengileak.
Nazioarteko kongresu hori Euskadin izan zedin, Eusko Jaurlaritzak 350.000 euroko ekarpena egin du, eta ia milioi bat eurora iristen den beste kantitate bat ere ipini du topaketa antolatzeko.