Gizartea -
Hezkuntza
Hezkuntzako sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte murrizketen kontra
Datorren ikasturtetik aurrera, hezkuntza publikoko irakasleek eskola ordu gehiago eman beharko dituzte Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ostean Jaurlaritzak jarritako helegitea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko Hezkuntza publikoan ordezkaritza duten sindikatu nagusiek (ELA, LAB, STEE-EILAS, CCOO eta UGT) mobilizazioak iragarri dituzte, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalaren epaia bete eta murrizketak aplikatzen baditu.
Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen PPk "Hezkuntzako gastu publikoa arrazionalizatzeko" onartutako dekretuaren aurka Jaurlaritzak jarritako helegitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza publikoko irakasleek eskola ordu gehiago eman beharko dituzte; izan ere, Auzitegi Konstituzionalaren epaia aplikatzeko asmoa iragarri zuen aurreko astean Eusko Jaurlaritzak.
ELA, LAB, STEE-EILAS, CCOO eta UGT sindikatuek gaur Bilbon egin duten agerraldi bateratuan salatu dutenez, EAEko Hezkuntza publikoko irakasleek orain arte baino bizpahiru eskola ordu gehiago eman beharko dituzte astero: DBHn eta Batxilergoan 3 ordu gehiago eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, berriz, 2 ordu gehiago. Halaber, murrizketek ordezkapenak 10 egun pasatu arte atzeratzea eta 3.000 lanpostu suntsitzea ekarriko dutela salatu dute.
Auzitegi Konstituzionalaren epaiak eta berau aplikatzeko Eusko Jaurlaritzaren erabakiak haserrea eta ezinegona eragin ditu Hezkuntza alorreko langileen artean. Hori dela eta, sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte.
Ildo horretan, datorren ostiralean (ekainak 24) elkarretaratzeak deitu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Bilboko, Donostiako eta Gasteizko ordezkaritzen aurrean. Gainera, greba egunak eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte irailetik aurrera.
Konstituzionalaren epaiaz aritzeko Jaurlaritza beraiekin bilduko ote den galdetuta, sindikatuek azpimarratu dute beraiei galdetu gabe aplikatu dituela Jaurlaritzak murrizketak, eta ez dutela Urkulluren Gobernuak beraien iritzia kontuan izaterik espero.