Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia ezarri dute arratsaldean botako duen euriteagatik

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 15 litrotik gora bota dezakeela metro koadroko leku batzuetan. Euria eta eguraldi ezegonkorra egongo da asteburua arte eta asteburuan.

Atzoko euritea Tolosan. Argazkia: Efe
Atzoko euritea Tolosan.
Atzoko euritea Tolosan. Argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarriko du 15:00etatik 21:00etara botako duen euriteagatik; izan ere, 15 litrotik gora bota dezake metro koadroko leku batzuetan. Gainera, ekaitzak gogor joko omen du, eta kazkabarra ere bota lezake.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, arratsalderako ekaitzetarako joera hartuko du eguraldiak. Haizea ipar-mendebaldetik finkatu eta giroa erabat ezegonkortuko da; lurraldean barreiatuta zaparradak eta ekaitzak botako ditu eta baliteke zenbait lekutan gogor jotzea eta txingorra ere bota dezake. Une horietan haizea ere zakartu egingo da.

Azken egunetako joerari eutsiz, bihar arratsaldean ekaitzak suspertuko dira. Goizean hodeitza saretuago agertuko da eta tarteka urdingune politak ireki daitezke, baina ez du luze iraungo giro lasai honek. Arratsaldean, berriro ere, giroa ezegonkortuko da; hodei multzo trinkoak gailenduko dira eta tarteka zaparradak eta ekaitzak utziko dituzte. Mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da, bereziki kostaldean eta arratsaldean ipar-ukitua hartuko du barnealdean. Tenperaturak koska pare bat behera egingo du eta nekez gaindituko du 20 ºC-ko muga.

Ostiralean eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Goizaldean zaparradaren bat edo beste bota dezake baina goizean hodeitza gutxitu eta ez da euri askorik espero. Arratsaldean, berriz ere, eguraldia ezegonkortu eta zaparrada trumoitsuak botako ditu. Mendebaldeko haizea nahiko bizi ibiliko da, ufada gogorrekin kostaldean, eta arratsalde partean ipar-mendebaldera aldatuko da barnealdean. Tenperaturan ez da aldaketa handirik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia argazkiak Albisteak