Gizartea -
Gertakaria
Gizon batek pistolarekin mehatxu egin dio ugazaba ohiari, Barakaldon
42 urteko gizona taberna batean sartu zen, eta jabeari pistola batekin mehatxu egin zion, bertan lan egiteagatik zor zion dirua eskatzeko.
eitb.eus
Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Barakaldon, bere ugazaba ohiari pistola batekin mehatxu egiteagatik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Lokal horretan bertan lan egiteagatik ustez zor zion dirua eskatzeko egin omen zion mehatxu.
Astearte gauean izan zen gertakaria, Errontegiko taberna batean, 22:30 aldera. Lokalaren jabea soilik zegoen une horretan, eta pistolarekin mehatxu eginez, bertan lan egiteagatik ustez zor zion dirua eskatu zion.
Borrokan hasi ziren biak eta, langile ohiaren jarrera ikusita, ostalariak bertan zuen diru guztia eman zion erasotzaileari, aipatu iturriaren arabera.
Ondoren, orain atxilotuta dagoena tabernatik joan zen eta kanpoan zain zuen autoan alde egin zuen, lagun batekin batera.
Hurrengo egunean ostalariak salaketa jarri zuen eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea eta bere laguna, ustez arma eman ziona, atxilotu zituen.