Gizartea -
Bartzelonako Auzitegia
Messiren abokatuak ez du epaiketan izango duen estrategia argitu
Futbolariak eta bere aitak ostegunean deklaratu beharko dute irudi eskubideen kudeaketan ustez egindako 4,1 milioi euroko ustezko iruzurra leporatuta.
agentziak | erredakzioa
Enrique Bacigalupo Leo Messiren abokatuak ez du argitu gaur Bartzelonako Auzitegian futbolariaren ustezko zerga iruzurragatik hasi den epaiketan izango duen estrategia, eta "kontraerasoan" jokatuko duela iragarri du.
"Eraso egiten didaten heinean, erantzun egiten dut", berretsi du. "Non ikusi da gerrara doan jeneral batek bere estrategiaren berri ematea?", adierazi du Justizia Jauregiaren aurrean, FC Bartzelona taldeko jokalariaren eta bere aitaren aurkako epaiketaren lehenengo saioaren atarian.
Futbolari argentinarrak sinatzen zuenaz ez zuela ezer jakiten esan ondoren, hori horrela ote zen galdetu diote abokatuari, eta horrek hau erantzun du: "Hori esan zuen? Hala izango zen. Ez dakit".
Bi auzipetuak ez dira gaurko saiora joan, ez baitzeuden behartuta, bi urte baino gutxiagoko kartzela-zigorrak eskatu dituztelako euren kontra, baina ostegunean bertaratuko dira, defentsak gaurko saioan iragarri duenez.
Ostegunean saioan deklaratzera behartuta daude, futbolariaren irudi eskubideen kudeaketan ustez egindako 4,1 milioi euroko zerga iruzurra egitea leporatuta.