Gizartea -
Bahiketa
Salud Hernandez-Mora kazetari espainiarra askatu dute Kolonbian
Hernandez-Morak esan du "guztiz ondo" dagoela. ELN Nazio Askapen Armadak izan du bahituta ia astebetez.
Agentziak | Erredakzioa
Salud Hernandez-Mora kazetari espainiarra askatu dute ostiral honetan, Kolonbian, Catatumbo eskualdean ia astebete bahituta eman ostean. Bahitu zutenean, adingabeen bahiketaren gaineko erreportaje bat ari zen prestatzen, Ocañako gotzainak Radio Caracoli esan dionez.
"Primeran nago. Eskerrik asko lankide guztiei, zuoi guztioi, otoitz egin duen jendeari eta nire ondoan egon den jendeari", esan dio Caracol Televisioni. Gainera, eskerrak eman dizkio Elizari eta Kolonbiako Arartekoari.
ELN Nazio Askapenerako Armadak herriaren babeserako batzorde baten eta Ocañako elizbarrutiaren esku utzi du Hernandez-Mora, oihaneko gune batean, Teorama eta San Calixto udalerrien artean, Venezuelarekiko mugatik gertu.
"Eroa eta inozoa naizela pentsatuko dute eta, segur aski, arrazoi daukate", adierazi du Salud Hernandez-Morak kazetarien aurrean. Azaldu duenez, lagun bat agurtzen ari zela moto bat geratu zen bere ondoan eta gidariak igotzeko agin du zion. "Ez zegoen inor kalean eta, hortaz, moto gainera igo nintzen", gaineratu du.
Lehenik eta behin, eskuko telefonoa eta lanerako materiala erretiratu zioten, eta hainbat lagunek toki batetik bestera lekualdatu zuten, zaintzapean zegoela eta gunetik ezin zuela irten ohartaraziz. Hernandez-Moraren esanetan, haren gauzak itzuli eta alde egin zezakeela esan ziotenean Tiburako bidea egin zuen, lehendabizi motoan eta, gero, autobusean.
Hasieran "desagerpentzat" jo zuten, baina, gerora, Luis Carlos Villegas Defentsa ministroak baieztatu zuen Hernandez-Mora ELNren esku zegoela.
Gainera, ordu batzuk geroago, ELNk Diego D’Pablos eta Carlos Melo RCN Televisioneko kazetari kolonbiarrak ere aske utzi ditu. Aipaturiko bi kazetariak Catamcumbon desagertu ziren, Hernandez-Moraren gaineko albistean lanean zeudela.
D'Pablosek RCN Televisioni adierazi dionez, "lasai daude" eta bahituta egon diren egunetan "ibilbide luzea" egin dute eta bizi-baldintza zailak izan dituzte.